Luken Unanue palan munduko txapelduna izan zena hil da

Aiurri 2022ko urr. 21a, 16:29

Luke Unanue Pastor atzo hil zen 90 urte zituela, eta gaur San Martin parrokian bere aldeko hileta egingo dute, 18:30etik aurrera. Goikoplazan Iriarte etxean jaio zen, eta bertan bizi izan da beti. Pala motzeko munduko txapela irabazi zuen 1966an, Montevideon (Uruguai) jokatu zen pilota txapelketan, Tito Llorcarekin bikote eginez. Nahiz eta mundu mailako garaipenen jabe izan, beti izan zen pertsona apala eta lagunartekoa.

Aurrez, Miarritzen 1958an eta Iruñean 1962an, azpi txapelketa bana lortu zituen. Gainera, bere ibilbide arrakastatsuan, lau txandetan Espainiako txapelketa (1962-1965) eta hiru azpi-txapelketa (1960, 1961, 1966) eskuratu zituen.

Llorca, Unanue, Gurrutxaga eta Fernandez. 50. eta 60.ko hamarkadetan urrezko laukotea osatu zuten Gipuzkoan, pala motzean. (Argazkia: Unanue familia). 

 

Aurten, martxoaren 4an 90 urte bete zituen, eta orduan bere kirol ibilbidearen gaineko erreportaje zabala argitaratu zuen Aiurrik (1., 8. eta 9. orrialdeetan).

Bestalde, azken urtetan, 2012ko Etxeberrieta jaietan omenaldia eskaini zioten.

 

Oiartzabal, Altuna eta Etxeberria eta Unanue Arrate pilotalekuan 1979an. Bertan egiten ziren pala txapelketatan maiz jantzi izan zuten txapela lauek ere (Argazkia: Unanue familia). 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!