Gau Beltza nabarmendu zen Andoaingo arimen gauan

Jon Ander Ubeda 2022ko aza. 1a, 08:47

Jendetza ibili zen Gau Beltza ospatu zen Goikoplazan, Kale Nagusian eta Etxeberrieta plazan. Giroa ezin hobea, euriak agerpena egin zuen arte. “Lebi” zezen-suzkoa atera ezinik geratu zen, eta atzokoaren partez Euskaraldian aterako da jendaurrera.

Arimen gaua, Halloween festa… Andoainen indar handia hartzen ari da azken urteotan. Atzokoan, esaterako, arratsaldeko 16:00tarako Goikoplazan haur eta gazte koadrilla ugari mozorrotuta ikus zitezkeen. Larramendi Bazkunak Gau Beltza udalerri osora zabaltzeko ekimena abiarazi du, eta atzokoan euskal kulturari lotutako ospakizuna nabarmendu zen. Gau Beltzari esker, arimen gauak indar handiagoa hartu du Andoainen.

Ekitaldi oro antolatzeko garaian badira bi galdera etengabe errepikatu ohi direnak. Lehena, egindako esfortzuak izan dezakeen fruituari lotuta dago: “Jendea hurbilduko al zaigu?”. Eta, bigarrena, antolatzaileen kontrolpetik kanpo dagoen elementuari buruzkoa da. Bereziki, Euskal Herrian: “Euririk egingo al du?”. Larramendi Bazkunaren baitan bi galdera horiek airean zeuden, azken asteetan. Arimak bezala, ez ditugu ikusten. Sentitu bai, ordea. Antolatzaileen zalantzak eta kezkak ez dira ikusten, baina antolatzaile-talde osoak nozitzen ditu.

2022ko urriaren 31, egun seinalatua

Atzokoan urrats bat eman zuen Larramendi Bazkunak, Arimen Gaua euskal kulturara gerturatzeko bidean. Aldaketa hasita dago, eta hurrengo urteetan bide beretik jarraituz gero, eraldaketa erabatekoa izango da. Gau Beltzak badu lekua Andoainen, udazkeneko festa handia izateko aukera guztiak baititu.

Goikoplazan hasi zen eguna, txokolate-jatearekin. Jendetza zain zegoen, eta 350etik gora edalontzi banatu ziren. Aurrikusitakoak baino gehiago ziren, 200 lagunentzat egitea baitzen hasierako asmoa. Aurrikuspenak txiki geratu ziren, eta haur eta gazte askok txokolatea jateko aukera izan bazuten ere, beste zenbait askari goxoa egin gabe geratu ziren.

Txokolatea banatzen amaitu eta berehala abiatu zen kalejira. Asier Burguete Goazeneko aktore ezagunak eta harekin hurbildutako hankaluze eta pertsonaia beldurgarriak bete-betean murgildu ziren Gau Beltzaren kalejiran. Goikoplazan aritu ostean, Kale Nagusiraino iritsi ziren. Bertan jendetza zegoen, Irunberrin egokitu zuten Beldurraren pasabidean murgiltzeko. Irunberrik mimo handiz prestatu zuen pasabide hori, hainbat umek benetako beldurra igarotzeraino. Pasabidea amaituta zain zuten saria: gaztainak ezin bestela. Irunberriko pasabidean sartzeko ilara luzeak eta kalejiraren etorrerak bat egin zuten, kalea igarotzea ezinezko bilakatzeraino. Ilara arinduz joan zen, eta atseden hartu eta gero kalejirak bere ibilbidea osatu zuen Etxeberrieta plazaraino.

Etxeberrietan dagoeneko jendetza zegoen zain. Bateko eta besteko, plaza betetzen ari zen. Talo-jatea hasi zen, eta ikusle asko ipuin kontaketaren eta “Lebi” zezen-suzkoaren zain ziren. Euriak agerpena egin zuen orduan, eta lehen tanta haien ostean euri-jasa iritsi zen. Bertan zirenak arkupetan afaltzen aritu ziren, eta 21:00ak pasatxo zirenean ipuin kontaketari ekin zioten. Ordurako jende gehienak alde egin zuen, baina bertan iraun zutenek Inturia baserritik zetorren amonatxoaren kontakizuna adi-adi entzun zuten. Gau Beltza aspaldian ospatzen zen gure baserrietan. Ohitura hura galduz joan zen, eta berreskuratzeko deia egin zuen Inturiako amonatxoak. Txalo artean agurtu zuten ikusleek. Hantxe banatu zituzten azken goxokiak, eta une horretan “Lebi” zezen-suzkoaren agerpena bertan behera geratzen zela iragarri zen. Laster egingo du agerpena, halere. Zehazki, Euskaraldia igarotzen den egunetan.

Egindako lanarekin pozik, datorren urteko ediziorako zer aldatu eta zer hobetu pentsatzen hasteko garaia da. Ukaezina baita Gau Beltza nabarmendu zela Andoaingo arimen gauan.

Lankidetza, ezinbestekoa

Gau Beltzaren antolaketan ezinbestekoa izan da gizarte eta kultur eragileen arteko lankidetza. Soilik horrela lor daitezke gauza handiak. Atzoko festa handia handi izateko garaian ezinbestekoa izan zen honakoen laguntza: Batzokia elkarteko kideena, txokolatea egiten; Irunberri elkarteko kideena, gaztainak erretzen eta Beldurraren Pasabidea antolatzen; Kotoi elkartearena, taloa egiteko tokia eskaintzeagatik; Maizorri txalaparta taldearena, Otsagiko lagunena; haien inauterietako mozorroak jantzita goxokiak banatuz ibili baitziren lau gazte; Etxeberrietan eskaini baitzuten saiotxoa; Lebiton konpartsarena, maskarak jantziz eta "Lebi"ren etorrera prestatuz (nahiz eta eguraldiagatik jendaurrera ezin atera); Aiurriko eta Larramendi Bazkuneko boluntario guztiena, eta baita Andoaingo Udaleko enplegu sailarena eta Kultura Sailarena. Kulturatik proposaturiko kalejira bete-betean murgildu zen Gau Beltzaren ospakizunean.

Bideo-sorta, Gau Beltzaren atal berezian

Atzoko hainbat bideo ikusgai daude, Gau Beltzari eskainitako atal berezian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!