Pedro Aizpurua, ezezagun izaten jarraitzen duen konposatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2022ko aza. 11a, 06:57

Senitartekoak eta lagunak. Atzean: Jose Inazio Belamendia, Mercedes Aizpurua, Izaskun Aizpurua, Maria Jose Arconada, Marta Abrego eta Arantza Aizpurua. Aurrean: Diego Fernandez, Inazio Aizpurua eta Maria Dolores Olano.

Pedro Aizpurua Kaletxikiko musika-konposatzailea goratu zuten Basteron, urrian. Irakaslea, musika-sortzailea eta musikologoa izan zen Pedro Aizpurua Zalakain (1924-2018).

La Salleko anaiekin egin zituen lehen ikasketak. 11 urterekin, Comillaseko (Santander) unibertsitate pontifikalera joan zen. Han apaiztu, eta filosofia eta teologian lizentziatu zen. Gero, Orihuelako (Alakant) katedralean kaperau-maisu gisa zenbait urte egin zituen, eta, 1960az geroztik, hil zen arte, Valladolid izan zuen bizitoki. Gaztela-Leongo hiriburu horretako Katedralean kaperau-maisua eta Musika Kontserbatorioko zuzendaria urtetan izan zen, eta bertan sortu zituen musika obra gehienak (erlijiosoa, espirituala, garaikidea…); abesbatzek abesteko (latinez, gaztelaniaz eta euskaraz), eta organo, piano eta orkestrek interpretatzeko makina bat pieza konposatu ditu.

Basteroko ekitaldian, Diego Fernandez Magdalenok Aizpurua gaitzat hartuta idatzi duen El rigor de los signos. Notas para Pedro Aizpurua liburua aurkeztu zuten, eta, bide batez, gorazarre egin zioten 2018ko abuztuan zendu zen Andoaingo musika konposatzaileari.

Ekitaldian, Txitxu Ruiz kultura zinegotziak, Diego Fernandez Magdaleno liburu-egileak, Angelines Porres Valladolideko kontserbatorioan musika hizkuntzako katedradunak eta Arantxa Aizpurua ilobak hartu zuten hitza.

Ikasgaiekiko interesa pizten zekien irakaslea

Angelines Porresek Aizpurua ordezkatu zuen Valladolideko musika kontserbatorioko zuzendaritzan, bere garaian. Horrela, Aizpuruak, irakasle gisa, beti erakutsi izan zuen trebezia nabarmendu nahi izan zuen Basteroko ekitaldian. “Maiz, bere klaseetan, atzeko aulkian esertzen nintzen, gorde-gordean jarrita. Hain zen irakasle bikaina, eta hain zen trebea musikarako maitasuna transmititzeko orduan!”.

Irakaskuntzan, irakaslearen eta ikaslearen arteko lotura handia izaten dela esanez jarraitu zuen Porresek. “Gainera, esango nuke, musika tartean delarik, estuagoa suertatzen dela lotura hori. Hori argi antzeman daiteke Aizpuruaren eta Fernandezen artean, eta liburua da horren lekuko”.

Arantxa Aizpuruak ere hitza hartu zuen, osaba mintzagai izanik. “Osaba 2018ko abuztuan hil zen, eta eguneroko baten gisa planteatuta dagoen liburua 2019ko urtarrilean hasten da kontakizunarekin. Liburuan barrena, Diego Fernandez egilea, piano jole eta idazle ez ezik, musikagintzan, literaturan, filosofian… zerbait egin duten pertsonen memoriaren jasotzaile gisa ere agertzen zaigu. Aitormen gutxiko obren eta partituren atzean dauden musikariak hartzen ditu aintzat, batik bat. Zintzo jokatzen du guztien memoriarekin eta maitasunez jokatzen du beren sormen lanekin”.

Aizpurua familiak, osabaren eskutik, gertutik ezagutu ahal izan du Valladolid eta bertako musika mundua eta pedagogian lanean ari diren pertsonak; Diego Fernandez eta Angelines Porres, besteak beste. Joan-etorri horietan, errealitate bat egin zaio deigarria familiari, Arantxa Aizpuruak adierazi zuenez, “hemen, jubilatzen diren irakasleak ikusezin bilakatzen dira denboraren poderioz nahiz atzetik datozenak ardurak hartzen doazen heinean; normala da hori, neurri batean. Valladoliden, ordea, atseden har dezaten uzten zaie, bai, baina ez dituzte ahazten. Zaindu egiten dituzte, ekitaldietara gonbidatzen dituzte, beren alderdi humanoak publikoki nabarmentzen dituzte..”.

Bestalde, osabak bizitzarekin zeukan aparteko ikuspegia ere nabarmendu nahi izan zuen Aizpuruak. “Eguneroko ekintza txikiei, edertasunaren zentzu estetiko berezia itsasten zekien pertsona zen; Kaletxikira etortzen zenean, esate baterako, gure amak natillak jarri mahai gainean, eta bera, begira-begira geratzen zen haiei, “ze polita!” esanez”.

Egilearen hitzak

Porresek liburuaren egile Diego Fernandez aurkezteko ardura hartu zuen, eta zenbait datu biografiko azaldu zizkien Basteroko entzuleei: "Piano jole aparta da, eta Espainiako musika garaikideko makina bat autoreen partiturak berreskuratu eta interpretatu ditu, aitormen faltan daudenak, batik bat; horrela, hirurehun kontzertu baino gehiago eman ditu, erabateko estreinaldiak izan direnak. 2010ean, Espainiako musikako sari nazionala jaso zuen". Egun, kontserbatorioko pianoko eta musika formetako irakaslea da.

Musika ikasle zenetik Pedro Aizpurua maisua solaskide izan zuela aitortu zuen Fernandezek. “Musikara oso kateatuta sentitu nintze umetatik, eta Aizpuruak zerikusi handia eduki zuen erakarmen horretan. Jasa 13 urte nituela, Valladoliden, propio berarekin kalean egunero gurutzatzeko modua egiten nuen. Elkar diosala egin, eta bizpahiru kontu hutsal partekatzen genituen egunero”.

Harrezkero, harremana estutzen joan zen bien artean, eta berriketak sakontzen, musikaz gain, beste hainbat giza-jakintza jorratzeko aldarteak hartuz... Pedro Aizpurua 2018an hil ondoren hasi zen liburua idazten Fernandez, bien arteko fikziozko solasaldiak paperera egunez egun eramateko, hain zuzen. “Natural-natural hasi nintzen idazten, bera bizirik balego bezala irudikatu nituen egunkari, aldizkari eta, liburuen irakurzale amorratua zen, eta horietan intereseko iruditzen zitzaizkion oharrak idazten zituen orrien bazterretan nahiz testuen gainean bertan. Bere pentsamendua agertzen zaigu horiexetan, eta aintzat izan ditut, maiz”.

Aizpuruaren piezekin, omenaldia

Basteron egin zuten ekitaldian liburuaren nondik norakoak azaldu ostean, egileak berak Aizpuruaren sormen lanekin osatutako errezitaldi laburra eskaini zien entzuleei. Honako piezak jo zituen: Meditacion, Clusteriana Didakus, Himno a Simon de Rojas, Coral y glosas, eta T (Tu Gloria, Tu Laetitia, Tu Honorificiencia…).

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!