Lantegiaren aurrean gaur eguerdian egin duten elkarretaratzean, hildako azken langilearen gaineko egoera humanizatu nahi izan dute bi izebek; gogoratu nahi izan dute izen-abizeneko pertsona zela eta bizitza duin eta zoriontsua egin ahal izateko joaten zela lantokira, eta hain zuzen, bertan topatu duela heriotza.
Izan ere, maiz, gehienetan, lantokian hildako langileak ez baitira anonimatuaren mugetatik irteten. Behin eta berriro zorigaitzez gertatzen den errituala bihurtu da lan munduan: “langile bat hil da lan-istripuz” izaten da prentsako titular ez oso nabarmendua, Osalanek ikerketa irekitzen du, sindikatu eta lankideen elkarretaratzea egiten dute langileen odol-hustutzea salatzeko, eta, urteko lan munduko estatistika tragikoari zenbaki bat gehitzen zaio. Familiari eta adiskideei geratzen zaie hildakoaren oroitzapena, eta haren faltak eragindako sendaezina den mina. Eta hortik aurrera, bizitzak aurrera egiten du.
Bizitzaz gozatzeko ilusioz gainezka
Elkarretaratzera hurbildu diren Ivan Sevillanoren senitartekoek, honela deskribatu dute: “Alaia eta ekintzailea zen mutila; irribarrea aurretik zuela ibiltzen zen beti, eta baikortasuna transmititzen zuen horrexegatik. Polifazetiko samarra zen, eta bazuen adimen naturala; kapaz zen ordenagailu bat piezaz-pieza desmuntatzeko eta berriro muntatzeko. Lantegi askotan aritua zen lanean han-hemen, Aldi Baterako Laneko Enpresen (ETT) eskutik batzuetan, eta Andoaingo lantokiak eskaini zion bizibidea azken aldian. Ermuarra izan arren, Donostian topatu zuen zoriontsu izateko bizitokia, Intxaurrondon errentan hartutako etxe batean; kostata, baina aurrera zihoan, errentan bizitzea ia miraria bilakatu den hiriburuan.
Neska-laguna, itsasoa gertu, zakurra, pasioetarako parkea, etxetik hamabost minutura lantokia… Paradisua ukitzen zuela kasik bizi zen Donostian. Harik eta auskalo zein egoeratan zegoen makina madarikatu bat bidera atera zitzaion arte, eta pertsona bat eta bere bizi-proiektua errotik txikitu zituen arte”.