Zaintza-lanen diagnostikoa aurkeztuko dute gaurkoan

Aiurri 2022ko aza. 10a, 12:34

Basteron, zaintza-lanen diagnostikoa eta etorkizunerako proposamena aurkeztuko dituzte. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da ekitaldia. 

Udaleko Berdintasun sailak martxoan zainketen diagnostikoa egitea erabaki zuen, III. Berdintasun Planean jasotakoari men eginez. Diagnostiko horretan Andoaingo datuak aztertu dira: zein zerbitzu eskaintzen diren, zaintzaileen egoera, amatasun motak... Eta, han, horren emaitza gisa, ondorio batzuk atera dituzte. Eskuorri batean bildu eta udalerri osoan banatu dute. Helburua garaira egokitzea dela adierazi du Petri Romero zinegotziak: “Argi dago zaintza ulertzeko modua berritu behar dugula, esparru ekonomikoan zein politikoan duen kokapena aldatu behar dugula, eta zaintza-lanak berrantolatu behar ditugula, hau da, zaintza-lanak demokratizatu behar ditugu, eta guztiok inplikatuko gaituzten bideak aztertu behar ditugu”

Emagin elkarteak egin du diagnostiko-lana eta beren arabera, etorkizunari begira lau alderdi jorratu behar dira: aitorpen soziala eta politikoa lortzea, zaintza-lanak modu bidezkoagoan banatzea, autonomia eta agentzia sustatuko dituen arreta eskaintzea eta, azkena, zaintzaileen bizi- eta lan-baldintzak duintzea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!