Adierazpen instituzionala zabaldu dute udal alderdiek, Memoriaren Egunean

Aiurri 2022ko aza. 10a, 14:20

Adierazpen instituzionala eman dute jakitera udal alderdi guztiek gaur, Memoriaren Egunarekin bat eginez. Besteak beste, 2015ean sortu zuten Bizikidetza Mahaiarekin segitzeko asmoa azaldu dute, Urteak igaro dira, eta oraindik haustura  asko dauzkagu josteko. Baina merezi du baita ere eman diren, ditugun, aurrerapausoei erreparatzea”. Azaroaren 23an gazteen artean memoriaren transmisioaren gaineko hitzaldia eta abenduaren 1ean “Reconciliacion” dokumentalaren emanaldia antolatu dituzte. Ekitaldiaren bideoa, ikusgai behean:

Honatx adierazpen instituzionala, osorik:

“2022ko Memoriaren egun honetan Andoaingo Udaleko alderdi guztiok bat egiten dugu berriz ere biktima guztiekiko elkartasuna, enpatia, egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen. Indarkeria eta giza-eskubideen urraketa mota guztien gaitzespenetik abiatuta, memoria partekatuak motibazio politikoko indarkeriaren biktima guztien errekonozimendua, erreparazioa eta ez errepikatzearen bermea sustatu behar ditu. Oinarri honetatik abiatuz ibili da lanean Andoaingo Bizikidetza Mahaia 2015 urtetik, elkarrizketa diskretuen bidez elkar ulertzea sustatuz eta mota ezberdinetako ekimen publikoak antolatuz.

Gaurko egunean atzera begiratzeko ariketara gonbidatzen ditugu herritar guztiak. Giza eskubideen urraketa larrien lekuko eta, batzuetan, biktima izan gara gure herrian. Errealitate honi aurrez aurre begiratu eta giza eskubideetan oinarritutako erantzun inklusibo bat ematea zaila izan da iraganean, mina, inkomunikazioa, polarizazioa eta enpatia falta gailentzen baitziren gure gizartean. Urteak igaro dira, eta oraindik haustura  asko dauzkagu josteko. Baina merezi du baita ere eman diren, ditugun, aurrerapausoei erreparatzea. Orain dela 20 urte ezinezkotzat jotzen genituen elkarrizketa, topagune edo aitortza erreparatzaileak sustatu dira eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza demokratikoan sakondu dugu, iraganeko indarkeria ez errepikatzeko bermea finkatuz. Hau oso garrantzitsua da: iraganeko izugarrikeriak berriro gerta ez daitezen baldintzak eraikitzea.

Eraikitze hau hasia dago. Baina ezin gara hemen geratu. Oraindik bidea dugu egiteko, norbanako, gizarte eta instituzio bezala. Andoaingo Bizikidetza Mahaiaren borondate eta konpromisoa da bide horretan aurrera egitea, elkarrekin.

Bidea konpartitzeko proposamen bezala, “Memoria Eraikitzen” jardunaldiak antolatu ditugu aurten ere, bi ekitaldirekin:

* Azaroak 23, asteazkenarekin (18:30), Basteron: Mahai-ingurua: “Memoria hurbilaren transmisioa belaunaldi gazteei: hutsuneak eta erronkak” Iker Uson (politologoa, giza eskubideetan doktorea) eta Ainhoa Gomez (Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko bake teknikaria)

* Abenduak 1, ostegunarekin (18:30), Basteron: “Reconciliación” (Fermin Aio, 2014) dokumentalaren emanaldia.

Herritar guztiak animatzen ditugu bertaratu eta hausnarketa zabaltzera iragana, orainaldia eta etorkizunaren inguruan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!