Alberto Agirre Abesbatza 40. urteurrena ospatzen

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2022ko aza. 18a, 08:48

Alberto Agirre abesbatzak 40 urteko ibilbidea egin du aurten, eta bertako abeslariek modu berezian ospatu zuten urteurren biribil horixe, joan den igandean. Meza kantatua eskaini zuten San Martin parrokian goizez, eta ondoren, Hiru jatetxean bazkari eder baten inguruan bildu ziren.

Makina bat kantarik parte hartu izan du abesbatzan, 40 urtetan. Horietako zenbaitek utzi egin behar izan dute denboraren poderioz, arrazoi desberdinengatik (adina, mugikortasun arazoak, denbora falta, familia-ardurak, heriotza…), eta egun, hemezortzi kidek segitzen dute, Andoainen urtean barrena hogei bat emanaldi eskainiz. Ahotsen arabera honela banatzen direlarik: sei soprano, bost kontraltu, hiru tenore eta hiru baxu, eta horiei zuzendaria batu behar zaie. Kantuan bizi-bizi jarraitzen duten hamazortzi ahots horiek San Martin parrokiko koroan bildu ziren igandean 10:30etako mezan, esan bezala. Eta bertan, musika sakratuaz jositako emanaldi berezia eskaini zuten; Joxe Luis Etxeberriak zuzendaritza lanak bete zituen, eta bien bitartean, Joxean Pascual organo jole gisa aritu zen.

Meza amaituta, meza entzutera hurbildu ziren abestabatzako beste hainbat kide ohi Goikoplazan batu zitzaizkien. Iraganeko eta egungo abenturak harrotuz kontu kontari aritu ziren bertan, eta poliki-poliki, Basteroko Plaza Morera jaitsi ziren. Han argazki ofiziala atera, eta Hiru jatetxean bazkari goxoaz gozatu ahal izan zuten. 26 lagun bildu ziren bertan. Ez dago batere gaizki!

Azaroaren 13ko ospakizunaren gaineko argazkiak eta kantuekin egindako hiru bideo, aiurri.eus webgunean ikusgai daude: Tourseko Martin Doneari, Cantatibus organis eta Ama Maite Maria.

 

1982an hasitako ibilbide oparoa

1982an, berrogeitik gora herritar kantuarekiko zaletasunak bildu zituen, eta abesbatza herrikoia sortzea erabaki zuten; iraganean Andoaingo Udal musika eskolako zuzendari eta konposatzailea izan zen Alberto Agirreren izena jarri zioten abesbatzari.

Harrezkero, makina bat kantari igaro dira abesbatzatik, bost zuzendarien gidaritzapean. Hona zeintzuk izan dituzten zuzendari, urtez urte: Pio Huizi (1982-1987), Junkal Guerrero (1987-1994), Fernando Aizpurua (1994-1997), Jose Luis Etxeberria (1997-1998), eta, Joxean Pascual (1998tik aurrera).

Ehunka dira lau hamarkadetan Alberto Agirre abesbatzak eman dituen emanaldiak, musika sakratua eta musika profanoa kontuan izanda. 600 obratik gora interpretatu izan dituzte latinez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, eta batik bat, euskaraz. Datu horiek eskuetan, kontatuak izango dira Euskal Herrian halako markak hautsi dituzten abesbatzak!

Hona abesbatzaren hurrengo bi hitzorduak: abenduaren 3an, Gabon Abestien emanaldia Basteron (Hogar Extremeño elkarteak antolatuta); eta, abenduaren 27an, Olagain Udal Txistulari elkartearekin batera, kontzertua Santa Krutz ermitan.

Zutik: Jesus Mari Otamendi, Gotzon Huitzi, Jesus Mari Beraza, Maria Jesus Urbistondo, Iñaki Zabaleta (San Martin parrokiako erretorea), Maria Pilar Letamendi, Juan Mari Obineta, Nekane Zalakain, Pilar Txopeitia, Elena Lertxundi eta Agedi Artze. Eserita: Eva Etxeberria, Jose Luis Etxeberria, Juanita Ikutza, Laura Martinez, Alicia Garate, Kontxi Arin, Itxaro P. Arriluzea, Joxe Maria Tapia, Arantxa Artano, Axun Gonzalez, Mari Carmen Urrutia, Begoña Beobide eta Begoña Tolaretxipi.

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!