Zumeatarra elkarteko korrikalari gazteak, Txingudiko neguko krosean

Aiurri 2022ko aza. 22a, 14:32
Txingudin igandean lasterka aritu ziren zenbait gaztetxo, euren erakuslerekin (Jon Imaz, Eva Pelaez, Aitor Sarasola, Jokin Igarriz eta Joxean Alberdi; Oihana Gonzalez falta da argazkian). Argazkiak: Zumeatarra elkartea

Zumeatarra atletismo elkarteko kideak pozik itzuli ziren Txingudin igandean ospatu zen neguko krosean parte hartu ostean. Taldeko bederatzi alebinek eta infantilek hartu zuten parte han, hain zuzen. Joxean Alberdi Zumeatarrako kideak, andoaindar gazteen partaidetza azpimarratu du, 

“Kontuan hartuta aurreko urtetan gazterik ez dela joan Zumeatarratik, badauzkagu arrazoiak soberan pozik egoteko”, halaxe adierazi du Alberdik.  

Honako bederatzi gaztetxo aritu ziren lasterka Txingudin: Iñigo Lertxundi, Ainhoa Herrero, Odile Igarriz, Iker Garcia, Hanna Flores, Oinatz Zatarain, Julen Vicente, Jokin Sanchez eta Hugo Blanco. Alberdik gaineratu duenez, “Egundoko ilusioarekin joan ziren denboraldiko lehenbiziko lasterketara, eta ederki gozatu zutela esango nuke, nahiz eta ibilbideko zati luzea lokatzetan egin behar izan”.

Abenduaren 6an, Orion izango dute bigarrengo lasterketa, eta hitzordua noiz iritsiko irrikitan daude, Alberdik ziurtatu duenez.   

Hain zuzen, Zumeatarra elkartean, gazteei begirako atletismo eskola 2013ko denboraldian sortu zen, eta hasiera-hasieratik gozamenaren kontzeptua nabarmendu nahi izan du Alberdik. “Lehia baztertu, eta atletismoarekin gozatzen ikasi dezaten bultzatu dugu Zumeatarra elkartean beti, eta horri eusten diogu. Filosofia hori sustatzen dugu gurekin hasten diren gazteekin; gero, urtetan aurrera heldutasun maila batera iristen direnean, beraiek erabakiko dute atletismoan sakontzen segi nahi duten ala ez”.

Zumeatarrako atletismo sailak 30 haur mugitzen ditu aurtengo denboraldian, 7 urtetik hasi eta 14-15 urte bitartekoak. “Eskarmentuak adierazten digu zail-zaila dela adin horietako gaztetxoentzat erakargarria izatea atletismoa. Nahiko bakarka egin beharreko kirola da, sakrifikatua, eta nahiago izaten dute taldean egiten diren eta tartean baloia daukaten kirolak, hots futbola, eskubaloia, saskibaloia…”.

Zumeatarra elkarteko gaztetxoen atletismo saileko partaideak, denak elkarrekin

 

Helduak ere Txingudiko lasterketan

Elkarteko beste hiru korrikalari helduagoak ere aritu ziren lasterka Txingudiko krosean: Aimar Sukuntza eta Unai Somavilla 20 urtez azpikoen mailan, eta Javi Menta seniorren mailan. Azpimarratzekoa da Mentak lortu zuen bigarren postua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!