Piano Jaialdiak ez du jarraipenik izango

Aiurri 2022ko aza. 23a, 09:08
Aurtengo otsailean, XVII. Piano Jaialdiaren antolaketan aritu den lan-taldea

DEIadar elkarte antolatzaileak ohar bidez jakinarazi duenez, azken edizioetan udalarekin egindako hitzarmenaren harira, “justifikazio-dossierra oso zorrotza izan da, ekitaldiaren kostuak esleitutako diru-laguntza gainditzea eragin du, osorik ez finantzatzea eraginez”. Arrazoi hori dela medio, elkarteak hurrengo edizioa ez antolatzea erabaki du.

Horrenbestez, aurtengo otsailean ospatu zen XVII. Piano Jaialdia (kronika, argazkiak eta bideoak, klik eginda) eta beste behin piano-jotzaile gazteen erakusleiho bilakatu zena, DEIadar elkarteak antolatu izan duen azkeneko edizioa izango da.

Hona DEIadar elkarteak zabaldu duen oharra, osorik:

“Egoera aztertu ondoren, DEIadar elkarteak ez du Piano Jaialdiaren 18. edizioa antolatuko. Ibilbide luzea izan da, eta Euskadiko piano-jotzaile ikasle guztiei eman zaie aukera, musika eskoletako, kontserbatorio profesionaletako eta Musikeneko ikasleei, piano jaialdian parte hartzeko; ekitaldian pedagogia eta musika uztartu dira pianoaren inguruan.

Azken edizioetan, Udalaren dirulaguntza hitzarmen baten bidez ixten zen, aurrekontuan jasotakoari jarraiki. Justifikazio-dosierra oso zorrotza izan da, eta ekitaldiaren kostuak esleitutako dirulaguntza gainditzea eragin du, osorik ez finantzatzea eraginez. Gai horrek zer egin planteatzea eragin du.

Ez da Piano Jaialdiaren hurrengo edizioa egingo.

Andoainen elkarte gehiago ari dira antzeko egoerak pairatzen, eta horregatik, elkartasuna adierazten diegu elkarte horiei guztiei.

Jarrai dezagun kultura egiten, oso beharrezkoa da gizarte osasuntsu baterako.

DEIadar elkartea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!