Hona Gora Kaletxiki Bandak interpretatu zituen kantuak, eta beren egileak.
- Gure oroimenean zaudete (Joxe Mari Oiartzabal Beloki).
- Larramendi (Eulogio Saldias Urdanpilleta).
- Gora Elcano (Alberto Agirre Azurza).
- Andoain (Luis Fraca Royo).
- Goiburu (Jose Sainz Garmendia).
- Barria (Joxe Mari Huizi San Juan).
- Andoaingo kontsejupean (Joxe Mari Oiartzabal Beloki).
- Lau haizetara (Imanol Lartzabal).
- Xexili blues (Joxe Mari Oiartzabal; letra, Joxeramon Berrondo).
Horietatik, hiru berriak ziren (Gure oroimenean zaudete, Andoaingo kontzejupean eta Xexili blues), Joxe Mari Oiartzabal zuzendariak berak sortuak, eta Santa Krutzen bertan entzun ahal izan ziren lehenengo aldiz.
Bestalde, Alberto Agirre Musika Bandako zuzendari ohiak bere garaian eratu zuen Gora Elcano obraren lehen joaldi publikoa bizitu zuten Santa Krutz ermitara bertaratu ziren musikazaleek.
Konposatzaileen familiarrei edo ordezkariei, pergamino bana
Santa Krutz ermitan modu berezian gogoratu ziren Andoaingo musika konposatzaileak.
Ez bakarrik beren sormenetik tiraka eginez. Beren senideak gonbidatuz eta herritarren esker ona jasoaz omendu nahi izan zituzten. Horrela, entzuleen txalo zaparrada jaso ez ezik interpretatutako abestiaren partiturarekin osatutako pergaminoa jaso zuten oroigarri gisa.
Batzuk zuzeneko familiak izanik jaso zuten oroigarri berezia, eta besteek ordezkari gisa. Hona nortzuk izan ziren horiek:
- Amaia Diaz de Monasterio, Maria Lurdes Uriarte, Nerea Saldias eta Ane Huizi (Eulogio Saldiasen familia);
- Gotzon Huizi (Alberto Agirreren familiaren izenean);
- Maider Lainez alkatea (Udala ordezkatuz, eta Luis Fracaren familiari eramateko);
- Miren, Tere, Angeli eta Eugeni Lopez de Munain eta Mari Karmen Txapartegi, Goiburu auzoko auzokideak ordezkatuz (Jose Sainzen kanta auzo horri eskainia da);
- Gotzon eta Garbiñe Huizi (Joxe Mari Huiziren seme-alabak).
Aldi berean, Gora Kaletxiki Bandak, 2020ko urrian zendu zen Luxio Aranburu bandakidea bereziki gogoan hartu nahi izan zuen, eta horretarako, Imanol Lartzabal kantariaren Lau haizetara jo ostean, bere alaba Uxueri eman zion pergaminoa.