Buru-belarri dabil, gaur egun, hizkuntza ikasteko bidean: besteak beste, belarriprest rolean aritu da Euskaraldian, baita mihia zorrozten ere AEKren AISA ikastaroan, hots, atzerriko jatorria duten herritarrei begirako hizkuntza-formakuntzan.
Zerk piztu zizun euskara ikasteko gogoa?
Iritsi nintzenean, oso errealitate ezberdina zen niretzat Andoain ohituren aldetik, kulturari dagokionez, baita hizkuntzari erreparatuta ere. Lehen urtea zaila egin zitzaidan; HHIn (helduen eskola) gaztelaniarekin hasi nintzen. Ez nintzen euskara ikasten hasi, harik eta, egun, bederatzi urte dituen nire alaba zaharrenak eskolari ekin zion arte; gurasoak, irakasleak euskaraz jarduten entzuten nituen. Arabierarekin antzekotasunak ditu, gainera, euskarak: hala nola alkandora hitza nire ama hizkuntzatik dator, baita albaitari ere; azken horrek, gainera, gurean, esanahi berbera du.
Beharrezkoa ikusi al zenuen euskara ikastea Andoainen bizitzeko?
Seme-alabak etxeko lanekin hasi direnean sentitu dut euskara ikasteko premia. Alabaren Lehen Hezkuntzako lehen urtean, itzultzailearekin laguntzen nion zereginetan. Gerora, nire kabuz ere asko arakatu dut web digitaletan. Beren seme-alabekin euskaraz solasten dira haurren harira sortu dugun guraso kuadrillan; hala, adi egoten naiz, ulertzeko ahaleginean. Halaber, AISA ikastaroan nabil, eta eskolak eman zidan horren berri; zenbait urtetan, zailtasunak izan ditugu taldea ateratzeko, baina, aurten, esaterako, bagabiltza: goizeko taldean, zortzi bat ikasle gaude. HHIn ez dago hizkuntza hutsetik ikasterik. Hala, bi aldeak uztartzen ditut: alde batetik, nire kabuz egiten dudana eta, beste alde batetik, euskaltegian lantzen dudana.
Euskara ikasteko erraztasunak ipintzen al dizkiete erakunde pubikoek atzerriko jatorria duten herritarrei?
Nire bizipenetik, baliabide falta dagoela nabaritzen dut, euskara ikasteko zerbitzuei dagokienez. Gero, gainera, lan askotan eskatzen dute hizkuntza, oinarrian, behintzat, menderatzea.
Hizkuntzari inportantzia ematen badiozu, hura ikasi ahal izateko aukera bermatu behar diezu herritarrei. Horrenbesteko balioa badu hizkuntzak, eman parada... Eskolan, adibidez, badago euskara ikasteko laguntza-zerbitzua. Bada, egin dezatela gauza bera helduekin, eta, hala, AISA ikastaroaz gain, beste hainbat aukera egon daitezela.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.