"Hirigintza-prozeduren tramitazioa luzea eta konplexua da"

Jon Ander Ubeda 2022ko abe. 4a, 10:19

Ama Kandida etorbideko etorkizuneko bizilagun talde batek gutuna argitara eman zuen, nagusiki Udalaren Hirigintza alorrari kritika eginez. Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi Jose Luis Verdascok erantzuna eman nahi izan zien, gutuna argitaratu eta gutxira.

HE-5 Ama Kandida eremua, izen tekniko horrekin ezagutzen da hirigintza egitasmoa eta Verdasco lehenik eta behin zerrendatu ditu Udalaren esku egon diren prozedura guztiak. Azkena, azaroaren 4koa, zeinean Verdascok dio egun horretan jaso zutela etxebizitzak eraiki nahi dituen enpresaren birpartzelazio proiektua.

Udalak idatzi berean aitortzen du hilabeteotan beste lehentasun batzuk izan dituela. Hots, C2 egitasmoa: “Udalak baliabide guztiak jarri behar izan ditu trazaduraren azterketan eta haren aurkako alegazioen idazketan, proiektu horrek udalerriarentzat eta bertako biztanleentzat duen garrantzia dela eta”.

Hori dela eta, “Hirigintza Saileko zerbitzu teknikoek ezin izan zioten beste proiektu batzuen kudeaketari eta izapideei berriro ekin irailaren amaierara arte”.

Alor honetan, Hirigintzan, pausoak uste baino mantsoago doaz. Eta hauxe da Udalak ematen duen argudio nagusia: “Kontuan izan behar da horrelako hirigintza-prozeduren tramitazioa luzea eta konplexua dela izapidetu behar diren dokumentu guztiengatik". 

 

Erlazionatuak

Ama Kandidako etorkizuneko jabeak

Andoaingo bizilagun eta Ama Kandida etorbideko etorkizuneko jabeak 2022 abe 01 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!