N1 ANDOAIN A15

"Foru Aldundia lantzen ari den proiektua ona eta egokia da"

Jon Ander Ubeda 2022ko abe. 15a, 07:00

Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJ-PNVko bozeramailea.

Batzar Nagusietan, atzokoan, mozioa aurkeztu zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Baina aurrera atera zena EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek adosturiko osoko zuzenketa izan zen. EAJ-PNVk C2aren defentsa egin zuen.

C2 egitasmoa hizpide izan zen asteazkenean, Batzar Nagusietan. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos alderdiek gauzatu ez zen mozioa aurkeztu zuten, EAJ-PNVk eta PSE-EEk beren artean osoko zuzenketa adostu zutelako.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos alderdiek C2a birpentsatu eta Aldundia-Udala biko mahaia eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuten. Eztabaidaren jarraipena zuzenean ikusi eta gero, finean, abenduaren 14koa eztabaida politikoan sakontzeko aitzakia izan zen. Udal eta Foru Hauteskundeak ospatuko diren 2023ko maiatzaren 28a gertuago dago, eta dagoeneko alderdiak ari dira posizioa hartzen. Eztabaidaren “ring”ean, mozioari osoko zuzenketarekin erantzun zioten alderdi bakoitzak bere aurkaria jomugan hartu zuen. Deigarria izan zen PSE-EEko Garcia Chueca batzarkideak Gonzalez Elkarrekin Podemoseko ordezkariaren kontra erakutsi zuen irmotasuna. Eta, modu berean, Arrizabalaga jeltzaleak tono beretsua erabili zuen bere lehiakide handiena izango den EH Bilduren aurka. Kontraesanen kudeaketan maisu direla aurpegiratu eta gai honetan Espainiako aurrekontuetatik partida bat bereganatu dutelako “etxekalte” aritzea leporatu zien.

Mozioa ez zen, beraz, aurrera atera. Gonzalez Elkarrekin Podemoseko ordezkariak Andoainen dagoen haserrea aipatu zuen eta Aldundiari hainbeste defendatzen duten “kogobernantza” Andoaingo Udalarekin praktikan jartzea eskatu zien.

Iraola EH Bilduko ordezkariak eskuzabaltasuna eskatu zien Foru Aldundiko agintariei. Izan ere, bere ustean, “agerian geratu da Aldundiak aurkeztutako proiektuak ez duela antzeko proiektuak behar duen sukalde lanik eta adostasunik lortu”.

Andoainen zaratak, kutsadurak edo C2 egitasmoaren aurreproiektuak nabarmen kaltetuko dion bizilagunak, baserritarrak eta enpresariak atsekabez jarraituko zuen plenoa. Alderdiak xextran aritzeko sesio bat gehiago izan zelako.

Mozioa aurkeztu zuten alderdiek, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, C2 egitasmoa birpentsatu nahi dute. Aldiz, PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiek, mozioa baliatu zuten adierazpenen tonoa igo eta mozioaren proposatzaileei kritika egiteko.

C2aren aurkako argudioak eta ideiak aski ezagunak dira, gaiarekiko interesa erakutsi duen herritarrarentzat. Zein da, ordea, C2a defendatzen dutenen iritzia?

EAJ-PNV, Aldundiaren egitasmoaren defendatzaile

EAJ-PNV alderdia da argiro hitz egiten duena, C2aren alde. Hauxe adierazi zuen Batzar Nagusietan Arrizabalagak: “Foru Aldundia lantzen ari den proiektua ona –onena– eta egokia da errepidearen trafikoaren arazoak konpontzeko. Eta ona –onena–, baita andoaindarrentzat ere. Aldundiak gardentasunez jokatu du, Udalarekin hainbat bilera eginez. Udalak alegazioak eta ideiak aurkezteko aukera izan du eta egingarriak diren neurrian ontzat hartu dira. Foru Diputatua ere han izan da, aurrez aurre eta streaming bidez azalpenak emanez. EAJko ordezkariok lasaitasunerako mezua helarazi nahi dugu. Badakigulako Foru Aldundiak interes, mimo eta kontu bereziarekin lantzen ari den proiektua delako. Trafikoari, ingurumenari eta baita andoaindarrei begira ere”.

Batzar Nagusietako sozialistak, errealismoaren bidetik

Garcia Chueca PSE-EEko ordezkariak alegazioen bidea defendatu zuen, C2aren aurkako inolako adierazpenik egin gabe. Irtenbide gauzagarria, “tangiblea” aipatu zuen. Hauexek EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi zuzenean erantzun ziena: “Ez dugu zuen proposamena babesten. Landu ditzagun tangibleak, errealitateak, konponbide posibleak lortzeko. Ez dago konponbide perfekturik. Andoaindarren bizi-kalitatea hobetzeko akordiorik onena lortzen saiatuko gara”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!