1923 Euskalduna 2023

Euskalduna futbol taldearen mendeurrena aurkeztu dute, Andoaingo Udaletxeko batzar aretoan

Aiurri 2022ko abe. 15a, 21:00

1923an sortu zen futbol taldea, eta gaurkoan merezi bezalako aurkezpena egin dute.

Euskalduna Andoaindarra Kirol Elkarteak ehun urte beteko ditu 2023ko maiatzaren 28an. Urtemuga berezi hori dela eta, mendeurrenaren aurkezpena egin dute Andoaingo udaletxeko batzar aretoan.

Albistez beteriko ekitaldia izan da: Klubaren logo berria, ereserki berria, elastiko berria eta baita mendeurrenaren maskota ere.

Ordezkari ezberdinek hartu dute hitza: Jose Maria Artola Euskaldunako, Real Unioneko eta Real Sociedad taldeko jokalaria, Jimmy Brosa Euskaldunako presidente-ordea eta baita Maider Lainez alkatea. Brosak eskerrak eman dizkio Udalari, lehenik. Baina baita ere Manu Diaz Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteari, Joseba Ibarburu Realeko kontseilariari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

EEU 100!, animozko oihua

EEU (Euskalduna Ehun Urte) 100! Mendeurrenaren logotipoa duen deiadarra da eta Nerea Uralde andoaindarrak diseinatu du.

Tente, maskota berria

Euskalduna Andoaindarra elkarteak mendeurreneko maskota ofizial berria ere aurkeztu du: Tente. Aita Larramendi Ikastolako DBHko 3ko Maddi Azpiroz eta Laida Gaston ikasleak izan dira irabazleak. Tente txingurri atsegin bat da, sendotasuna eta batasuna iradokitzen ditu eta Euskaldunaren elastikoa eta koloreak daramatza.

Kamiseta berria

Euskaldunak mendeurrenerako diseinatutako kamiseta berria ere aurkeztu du: kolore urdinari eusten dio, noski, eta urrezko xehetasun batzuk izango ditu erantsita.

Ekitaldiz betetako urtea

Ondoren, Joxi Gaztañaga klubeko zuzendaritzako kideak 2023an zehar izango diren ekitaldietako batzuk aurreratu ditu. Hasteko, denboraldi honetako bertso-derbia Andoainen izango da, Basteroko auditorioan, Realak eta Athleticek urtarrilaren 14an jokatuko duten norgehiagoka eta egun horretan izango da bertso saioa.

Maiatzaren 6an egingo da ekitaldi nagusia. Egun horretan aurkeztuko da, Euskaldunaren historian nabarmendutako pertsonei, erakundeei eta instituzioei omenaldia eginez.

Ekitaldi gehiago izango da 2023an zehar.

Ereserki berria

“Gora Euskalduna! EEU 100!” entzun ahal izan da ekitaldian. Hitzak Aitor Mendiluze bertsolariak idatzi ditu; musika Imanol Iribarrenek sortu du eta Mikel Morenok jarri dio ahotsa, Andoaingo Musika Eskolako abesbatzak lagunduta.

Maider Lainez alkatearen hitzak

Harro zegoela adierazi du alkateak, bere ageraldian. Urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu du, eta gogoan hartu ditu denbora honetan guztian klubean aritu diren herrikideak: “100 urteren atzean lan handia dago, eta boluntarioak asko dira. Hori dela eta, nabarmendu nahi nuke klubak eta klubeko kideek gure udalerriarekin batera kirol komunitarioan egiten duten lan desinteresatua, beti ere eskatzen zaien edozein proiektutan parte hartzeko prest badaude eta kirolean balioak eta gure haur eta gazteen kirol jarduera sustatzen badituzte.

Zorionak eman behar dizkiet klubari, egungo zuzendaritzari eta euren taldeetatik igaro diren andoaindar guztiei”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!