Noiz hasi zineten hilaren 31ko lasterketa antolatzen?
Irailean bildu ginen lehen aldiz. Egia da, beste urte batzuetan, pandemia zela medio, zalantzati ginela; aurtengoan, berriz, lasterketa antolatzeko aurreikuspena genuen, betiere momentuko egoera errespetatuta.
Herritarrak gogotsu ikusten al dizutue lasterketari begira?
Asko dira izena ematen ari diren herritarrak. Esaterako, patinetan ibiltzen diren kuadrillak mozorretzeko asmoa dutela adierazi digute. Gainera, badira izena eman duten kirol taldeak ere. Beraz, oraindik, mugimendu handia sumatu ez dugun arren, jende asko gerturatuko dela pentsatzen dugu.
Antolakuntzako kide berriak zarete. Harrera ona egin al dizuete?
Kide berriak garen arren, aurreko lan-taldeak gauzak asko erraztu dizkigu. Neurri batean, taldea indartzeko errefortzu moduko bat bilakatu gara. Oso gustora sentitu gara.
Taldeko alorrak koordinatzea izan da gure lana. Hasieran, lasterketaren barrualdea eta lan taldea ezagutu behar izan genuen, antolaketa modu egokian egin eta koordinazio lana kudeatzeko. Oro har, lan nahiko eramangarria izan da; egin beharrak banatu genituen. Gainera, aurreko urteetako antolatzaileen esperientziak askorako balio izan digu. Oso eskertuta gaude.
Lan taldeaz gain, laguntza gehiago izan al duzue?
Egunean bertan, lan talde zabalago baten laguntza beharko da, ibilbideko zenbait puntutan segurtasuna bermatu eta errepidea mozteko. Udaletxeak ere lagundu gaitu, esaterako, helmugan banatuko diren poltsekin edota antolatzeko beharrezkoak diren azpiegituren kudeaketarekin eta baimenekin. Komertzioek ere aletxoa jarri dute; lasterketa amaierako zozketan asko dira beren produktuak eskaini dituztenak.
Lasterketako ibilbidea zein izango da?
Aurreko ediziotako berbera. 5,3 kilometroko lasterketa izango da, Zumea abiapuntu eta helmuga izanda. Hiru bira eman beharko zaizkio zirkuituari; Zumeatik abiatuta Ormendi dendaren eraikinari bira eman eta Kale Nagusitik behera ia gaztetxeraino joan beharko da, berriro ere plazarako bidea hartzeko. Amaitzeko, jendea parte hartzera gonbidatu nahi genuke; izan ere, kirol ekitaldi baten aitzakipean, jendea elkartzeko jarduera polita da San Silbrestea. Giro ederra eta zoragarria sortzen da urteko azken eguneko ospakizunean.