Arantxa Iartza Ansa Andoaingo euskaltzalea zendu da

Aiurri 2023ko urt. 4a, 16:52

Azken urteotan pairatzen zuen gaixotasun baten ondorioz, Andoaingo Aita Larramendi ikastolako irakasle eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko kide zen Arantza Iartza zendu da. Aiurrin, euskara eta Andoain ardatz hartuta, artikulu-sorta idatzi zuen.

Euskarari lotutako andoaindar peto-petoa zendu da. Gaixotasun baten ondorioz gizarte bizitzatik aldenduta zegoen, eta gaurkoan iritsi da zorigaiztoko albistea.

Euskaltzaleontzat galera handia da, euskararen aldeko ekimenean parte hartzaile aktiboa baitzen. Bereziki, lanbide zuen irakaskuntzaren bidetik eta Manuel Larramendi Bazkunaren aldetik. 

Aiurriko iritzigilea izan zen 2011-2016 urteetan, eta bere idatzi gehienak atal batean bilduta daude.

Aiurriko lantaldearen izenean, doluminak etxekoei.

Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko kidea

Euskara elkarteko kide zen, parte hartze handikoa gainera. Biltzar Nagusietan, sari banaketa ekitaldietan eta bestelako hitzorduetan hutsik egiten ez zuenetakoa zen. Argazkian, 2020ko otsailaren 4ko Santa Ageda bezperako kantu errondan ageri da.

Ana Mari Aranburu, Ane Iartza eta Arantxa Iartza 2020ko otsailaren 4an, Santa Eskean.

 

Aita Larramendi ikastolako lankideak gogoan hartu zuenekoa

Odol-emaileen ekitaldia berriki izan da, abenduaren 16an. Eta bertan omenaldia jaso zuen Josune Orbegozok. Arantxa Iartza gogoan hartu zuen, bideoan ikus daitekeenez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!