Eibarko kulturgileek Oiartzabal omendu dute

Aiurri 2023ko urt. 9a, 12:54

Eibarko kulturgileak Oiartzabalekin, Coliseo antzokian, atzo (Argazkia: J.R. Berrondo)

Usartza Txistulari taldeak, Ustekabe txarangak eta Kezka Dantza Taldeak ikuskizun berezia antolatu zuten Coliseo antzokian atzo, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailasoen 50. urteurrenaren harira, eta bertan, Joxe Mari Oiartzabalekin eskertuta agertu ziren, pailasoen musika ondarearekin egindako lan guztiagatik.

 

Pailasoek sortu eta Joxe Mari Oiartzabalek moldatutako hainbat abestiekin osatu zuten ikuskizuna. Besteak beste, Pintto Pintto, Ttip eta Ttap, Moro Katua, Kli Kla telebista, Paristik natorren, Allakuidaos edo Zapi zuria interpretatu zituzten.

Ikuskizun bizia izan zen Coliseo antzokira Eibarko kultur taldeek prestatu zutena; are biziagoa kontuan izanik Karmele E. eta Peio A. antzezleek ekitaldiaren aurkezpen antzeztua egin zutela.

Donostiako Santa Maria elizan 2021eko ekainean pailasoen abesti mitikoekin egindako kontzertuko hainbat abesti, ikusgai daude.

Jose Mari Oiartzabal Txirri, Mirri eta Txiribiton pailasoekin (bi belaunaldiak), Santa Maria elizan 2021ean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!