Bastero lepo jarri zuten bertsozaleek, eta gozatu ederra hartu zuten seikoteak kantatu zituen bertsoaldiekin. Berez, Reala eta Athletic taldeen arteko lehiak bultzatutako bertso saioa izan ohi den arren, Euskalduna bilakatu zen protagonista saioan maiz, aurten mendeurrena ospatzen ari dela medio.
Hona bi bertsoaldi Euskalduna eta Etxeberrietako zelai zaharra aintzat hartuta, Aitor Mendiluzek eta Sustrai Colinak batetik, eta bestetik, Jone Uriak eta Alaia Martinek kantatu zituzten bertsoak, transkribatuta:
Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina
Gaia: “1923an gaude, Euskalduna futbol taldea sortu zen egunean. Zuek, Andoaingo bi baserritar zarete eta lehenengo aldiz, maiatzeko arratsalde batean, baratzean lanean ari zaretela, han ikusi dituzue, urrutira, 22 tipo praka-motxetan eta baloi baten atzetik zalapartaka. Berriketan hasi zarete”.
Aitor Mendiluze:
Prakak izter erdian
atorra urdina,
hoien korri beharra
eta hoien grina.
Zelai batean ari
direla jakina.
Dena arrastaka
ta zuloa egina.
Gure baratza ez da
oso desberdina (bis)
Sustrai Colina:
Hara ta hona dabiltz
euren baldarrean,
zelai bat bilatu nahiz
piko malkarrean.
Ni begira naukate
jenio txarrean.
Aitor, ez ote daude
halabeharrean?
Txori-malo gehiegi
baratz bakarrean (bis)
Aitor Mendiluze:
Hogeitabi elkartu
elkarren ondora,
esan liteke ari
direla gustura.
Bola bat darabilte
behera eta gora.
Ostikoz jotzen dute
jakin gabe nora.
Bola horren jabea
pozik egongo da (bis)
Sustrai Colina:
Hemen gertatu dena
da enez behin behinekoa,
ezin liteke izan
gure heinekoa.
Dena da gorputzeko
zein mingainekoa.
Bola bat darabilte
bola oinekoa,
ez erabiltzearren
lepo gainekoa (bis)
Aitor Mendiluze:
Noizbait erabiltzea
berez ez da txarra.
Baina hauek oinetan
daukate indarra.
Bat bada beltzezkoa,
da tente xamarra.
Bati keinua eta
besteai oharra.
Hoitabi txorimalo
ta bele bakarra (bis)
Sustrai Colina:
Ta berak markatzen du
besteen nibela,
elitzake egongo
erdian bestela.
Ni harritu egin naiz
begira gaudela,
nahiz zuk aurkezten duzun
bele bat bezala,
ni sinistuta nengon
polizia zela (bis)
Aitor Mendiluze:
Uste hortan begira
aritu natzaio.
Izan ziteken, baina
ez izanda nahio.
Bitartean besteak
pelotak arraio!
Besteen sarean sartzen
horrenbeste saio.
Joko klase hau nori
gustatuko zaio? (bis)
Sustrai Colina:
Baloia astintzeko
ze borondateak,
bainan neurtezinak
dira albo kalteak.
Baten paseak eta
besten regateak.
Zelaitik urrun jo du
gaur erremateak,
ta izorratu ditu
nere tomateak (bis)
Jone Uria eta Alaia Martin
Gaia: “Zuek bi gazte zarete, 1923ko hartan. Jokalari batzuk, kuadrillakoak zenituztela eta lehenengo futbol partidu hori ikustera joan zarete. Hamar minutu pasa orduko, Jonek zera esan du: “Jo, nik ere gustura probatuko nuke jolas hori”. Eta Alaiak burura eman ditu eskuak: “Erotu al zera?”.
Jone Uria:
Orain artean ikustea ez da
izan guretzat problema.
Nik ulertu dut joku-modua,
arauak eta sistema.
Eta uste dut sobran dudala
gaitasuna ta almena.
Esan zaidazu zer dan hainbeste
ikaratu zaituena.
Alaia Martin:
Zure gogoa nire gogoak
ezingo du harrapatu.
Begira zenbat
leku daukaten,
hainbeste metro karratu.
Zure oinak ta desio hoiek
sabelean amarratu.
Guk ezin dugu oihurik egin
ta belaunik urratu.
Jone Uria:
Ezin dugula guk ezer egin
esan duzu, baina tira.
Berria dugu kontu hau eta,
gure abantaila hori da.
Gauza bat behintzat onartuko dut,
egoeraren neurrira.
Eurak etziren gu orain gisan
egongo gure begira.
Alaia Martin:
Jarri arreta euren arropan
eta euren uniformea.
Jarri arreta paparra puztu
berri duen gizonean.
Jarri arreta zelai horien
sustraiaren sakonean.
Begira igual egongo dira
bana ez zentzu onean.
Jone Uria:
Akaso heldu liteke, beraz,
begi lizunen tropela.
Ta komentatu gure jolasa
noraino dugun motela.
Baina nik uste aprobetxatu,
saiatu behar genukela.
Ez bagaituzte beraiekin nahi,
eurek esan dezatela.
Alaia Martin:
Eurek esan ez, eurek egingo
digute ozen iseka.
Garai bateko kontua baita
gure arteko hizketa.
Txalotzea ta barre egitea,
hori da gure ariketa.
Andre ta gizon
partida hortan
urrun dago berdinketa.
Jone Uria:
Hortan arrazoi emango dizut
ezin gintezke konpara.
Ezin gintezke nahi bezain lasai
atera zelai hortara.
Ta nahiz ez garen igual helduko
berdinketa batetara,
behintzat posible izango al da
hemendik ehun urtetara?
Alaia Martin:
Ai, ehun urte pasa ta emango
ote du baloiak bira!
Galtzamotzetan irtengo ote
gara zelaien erdira.
Momentuz hobe dugu amestu
geure aukeren neurrira,
bestela gure ametsen golak
saretan geratzen dira.