Patxi Mendikute Kaletxikiko harakin ohia eta festa eragilea hil da

Aiurri 2023ko ots. 8a, 13:34

Patxi Mendikute Mujika atzo hil zen, 80 urte zituela. Azken agurra intimitatean egingo dutela jakinarazi du familiak. Mendikute Kaletxiki auzoan ospe handiko pertsona izan da, bertako harakina izan baitzen hamarkadetan, eta aparte, umore eta jendarte handikoa izan baitzen; besteak beste, asteburu honetan ospatuko diren Kaldereroetan "Erregina" izan zen urtetan.

Kaletxikitar amorratua izan bazen ere, Donostian jaioa zen, eta halaxe kontua izan zion Aiurriri, 2011n eskaini zion elkarrizketan: “Gure aita, Pako, andoaindarra zen baina Donostiako hiltegian zeukan lanbidea. Gure ama ere animalien tripak garbitzen aritzen zen bertan amonarekin batera, eta era horretan ezagutu ziren. Ezkondu eta amonaren Itsueta baserrira joan ziren, Ulia auzora. Hiru senideak, bi anaia eta arreba, bertan jaio eta hazi ginen”.

Bere aitak 1942an Kaletxikin harategia ireki zuen. “Ni jaio nintzen urte berean ireki zuen, 1942an. Astean bitan Donostiara joaten zen gurekin egotera, eta gainerakoan Andoainen egiten zuen bizitza”.

Patxi, 1963an hasi zen aitarekin lanean Kaletxikin. “Belaunaldiz belaunaldi eutsi zaion negozioa da horixe; ni soldaduskatik itzulita hasi nintzen aitari laguntzen 1963an, eta 1999 arte aritu nintzen lanean; gaixotasun batek erretira arazi ninduen. Harategia nire seme Patxiren esku dago aspaldiko urtetan”. 

Kaletxiki auzoari eta auzotarri begira jarri, eta iraganarekiko min puntu bat agertu zuen, aipatu elkarrizketan. “Bestelako xarma zuen auzoak, bestelako gozotasuna giza harremanetan. Bizimodua bertan egiten genuen auzotar guztiok. Nik ezagutu ditut bost janari-denda bertan; eta gero hiruzpalau taberna, Bodega, Txoko, Jauregi, Maximino Lasarteren sagardotegia…”.

Nolanahi ere, gaur egungo errealitatea datorren bezala onartu behar dela aitortu zuen orduan, kontra ez dagoela zer eginik esanda: “ohitura berriak dituzte gaurko gazteek. Auzora etortzen dira bizitzera, baina ia ez dira integratzen auzotarren bizimoduan, eta herritik kanpoko hipermerkatuetan kontsumitzen dute”. 

 

Festazale eta umoretsua

Mendikutek ez zekien zehazki nondik zetorkion festarako joera naturala: “gazte-gaztetatik bizitu izan dut parrandarako edo elkarri adarra jotzeko gogoa. Inoiz ez gara asmo txarrez ibili, baina iruditzen zait nahikoa jasan nautela ingurukoek”. 

Patxi beti nabarmendu izan zen parranda eta txantxa zaletasunagatik, eta bere alderdirik komikoena eta publikoena beharbada kaldereroetan agertu izan zuen. Ontza elkartearen inguruan 1987an abian jarri zuten Kaldereroen Konpartsako arima izan zen Mendikute zenbait urtetan. “Felix Martinez de Lezea ttunttuneroari bururatu zitzaion kaldereroak Andoainera ekartzearena, 1987an; berak tentatu ninduen erreginaren papera egin nezan. Donostian umetan asko ikusia nintzen kaldereroen usadio hori, eta baiezkoa eman nion. 130 kilo pisatzen nituen eta gogo onez atera nintzen, hamaika urtez segidan”.

Erreginaren paperan jarrita, umorea ederki asko zabaltzen zekiena zen. Famatuak ziren udaletxeko balkoitik egiten zituen diskurtsoak. Sonatuak izan ohi ziren Patxik udaletxeko balkoitik irakurtzen zituen diskurtsoak. “Etxean idatzi eta bezperan Felixi (Martinez de Lezea) erakusten nizkion; barrez lehertzen hasten zen!”. Kritika umorez zabaltzea zen Patxiren jarduna. “Gidoian Andoainen eta Andoandik kanpo urtean zehar gertatu ziren xelebrekeriak aipatzen ziren, modu ironikoan. Egia esan, askorako ematen zuten herriko hirigintza arloan gertatzen ziren zenbait kontuk…”.  

Kronika honi erantsita doan argazki bilduman, Patxi Mendikute Andoaingo Kaldereroen Konpartsako zenbait unetan agertzen da "Erregina" gisa, batzuetan Angel Lasa edo Iñaki Igerategi dituela, eta bestean udaletxeko balkoian.

  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!