Inauteriak 2023

“Zergatik ez esan agur Inauteriei igande ilunabarrean?”

Aiurri 2023ko ots. 19a, 07:00

Lupercales konpartsa, Balastraingo egoitzan Sardinaren Ehorzketa prestatzen

Lupercales konpartsako kideak dira Christian Gonzalez eta Alberto Lopez. Andoaingo konpartsa beteranoak bere gain hartu du Sardinaren Segizioaren eta Ehorzketaren antolakuntza. Igandean ospatuko da, 19:30etik aurrera.

Herriko inauteri zale eta festa zale orori luzatu die gonbitea, bertan parte har dezaten.

Christian Gonzalez eta Alberto Lopez, Lupercales konpartsako kideak

 

Zerk animatu zaituzte Sardinaren Ehorzketa antolatzera?

Christian Gonzalez: Pena handia ematen zigun halako jai polita eta parte-hartzailea ahaztuta egotea azken urteetan. Iruditzen zaigu ohiko bizimoduko istorio guztiekin bezala, Andoaingo Inauteri-ospakizunaren zikloa osorik egitea komeni dela; hots, eduki beharko lukeela hasiera, garapena eta bukaera. Sardinaren Ehorzketa jai horien errematea izango litzateke.

Atzera begira jartzen bagara, Andoainen lehendik zetorren ohitura dela ikusten da, partehartzailea. Gogoratzen naiz umetan nola ikusten nuen desfilea, igande gauean; izugarri gogoko nuen. 2013an, Hogar ExtremeÒo elkartearekin lankidetzan bultzatu genuen, eta, hurrengo urtean, geuri egokitu zitzaigun segida ematea. Zoritxarrez, hortxe eten zen egin ahala. Gauzak horrela, berreskuratzera animatu gara! Inauteri zale amorratuak gara, eta argi eduki dugu merezi zuela ahalegin bikoitza egitea gure aldetik, larunbata-igandeko ohiko gure konpartsari eutsita batetik, eta igande arratsaldeko ehorzketari ekinda bestetik.

Alberto Lopez: Andoainen igandea ez dago errotuta larunbata bezainbat, eta errealitate hori iraultzeko osagaiak badaudela uste dugu, behintzat nahi dugu saiakera egin. Horrela, igandean egitarau nahiko osoa eta erakargarria prestatu da, eta larunbatean zabaltzen den Inauteri giroa luza daiteke, hamazazpi konpartsek zein lagun-taldean biltzen diren herritarrek denok batera bultzada emanez gero. Andoaingo Inauteriei zergatik ez egin agur igande ilunabarrean? Tolosako inauteriak, astelehenean zein asteartean, hortxe edukiko ditugu!

Urte batzuetan ez denez antolatu, akaso komeniko da azaltzea zer den Sardinaren Ehorzketa.

C. G.: Madrilen ospatzen ziren jaiekin du jatorria nonbait, XIX. mendearen hasieran Goyak kuadro batean erretratatu zuen bezala. Inauterien amaiera gisa antolatzen zen festa zen, eta bertan txerrikume (cerdiÒa) bat zen protagonista. Ikusten denez, Murtziako ikasle batzuek “sardina” ulertu zuten, eta oker horretatik tiraka, “sardinaren” ehorzketan bilakatu zen festa.

Sardinaren figuraren gainean kalean egiten den segizioan du oinarri festak azken batean, eta bertan, pertsonaje jakin batzuk hartzen dute protagonismoa: mojek, apaizek, monagilloek, gotzaiak, Aita Santuak, negar-kantariek, heriotzaren pertsonifikazioak… Nork bere antzezpen txikia egiten du, denek ere doluz jantzita. Hileta-martxaren doinupean doazen segizioko parte hartzaile horiek kandelak eramaten dituzte eskuetan, espiritu-gaizkileak uxatzeko; izan ere, hilotz den sardinaren arima bahitu nahian ibiltzen dira espiritu gaizkile horiek. Heriotza ere hortxe aritzen da bere segarekin xaxatzen, kandelak itzaltzeko grinatuta dabil.

A. L: Segizioak tristezia ez ezik alaitasuna ere transmititu behar du, eta, horretarako, errepertorio aproposa prestatu du gurekin doan Joselontxos txarangak. Chopinen hileta-martxa pieza joko du noski, baina baita ere festa giroko beste hainbat pieza!

Eta ospakizunaren ordutegia, ibilbidea… zehaztuko al zenukete?

A. L.: Andoaingo Inauterietan, igandean, egun osorako jaia programatu da, eta azken ekitaldia izango da ehorzketa. Goizean hasita, bakarkako mozorrotuek nahiz konpartsek herrian ibil daitezen deialdia zabaldu da. Bazkaria dator segidan Goikoplazako karpan; arratsaldean, Rockalean talde ibiltariak kaleak alaitzen segiko du, eta, 19:30ean, Ehorzketaren txanda iritsiko da. Goikoplaza eta Zumea arteko joan-etorria eginez, ordu beteko iraupena izango du segizioak, eta, 20:30ak aldera, Goikoplazan, udaletxeko balkoitik, azken hitzartzea egingo da; Andoaingo eta herritik kanpoko aktualitatea modu ironiko eta umoretsuan jorratuko da.

Pertsonajeak ditu oinarrian ehorzketak. Baina irekia da, edonork har dezake parte.

C. G: Jakina! Elkarrizketa hauxe nahi genuke probestu gainerako konpartsei eta herritarrei deialdi berezia egiteko, integra daitezen segizioan. Lutozko mozorroa edo antzeko zerbait adierazgarria janztea izan liteke, beharbada, egokiena, baina, garrantzitsuena, festarako gogoa edukitzea da, eta aldi berean, Andoaingo Inauteriei agurra modu kolektiboan, eta, kaleak hartuz, egin nahi izatea. 

Lupercales konpartsak urtean darama Andoaingo Inauterietan buru belarri.

C. G.: Inauterien festarekin gozatzeko bildu ginen orain dela urte mordoa zenbait lagun. Taldearen izenak berak inauterien historian du erroa; hain zuzen, erromataren garaiko inauteri kutsuko festa pagano-kristauari deitzen zitzaion Lupercales.   

A. L.: Familia giroan jarduten dugu, belaunaldien arteko topagunea da erabat Lupercales; etxeko umeei txikitatik erakusten diegu inauteriak nola bizi. Inauterien grina gorputzean txertatzen diegu. Era horretan, ez harritu aurreko astetan sei urteko haur bat karroza pintatzen ikusten baduzu!

Geuk festaz gozatzea da bete nahi dugun lehenbiziko printzipioa, eta, bigarrenik, Andoaingo inauteriei ekarpen xumea egitea. Oso pozgarria da guretzat ikustea kalera mozorrotuta nahiz morroztu gabeko herritarrek nola gozatzen duten konpartsen desfilearekin eta geure presentziarekin.

Zer gai hautatu duzue konpartsarako?

Egipziarrez mozorrotuko gara aurten. Taldetik, erdiek lau abestiz osatutako koreografia dantzatuko dute; kontzientziaz entseiatu dute, eta ikuskizun polita eta ikusgarria egingo dutela iruditzen zaigu. Eta gainerakook zenbait ardura izendatuta dauzkagu kalejiran barrena.

Ahalegin bikoitza egokitu zaizue aurten. Bi mozorrotze saio desberdin….

A. L.: Guretzat inauteriak hilabete eta erdi lehenago hasten dira, antolakuntza martxan jartzen dugunean hain zuzen. Afari-bilerak, burutazio eta ideien inguruko hausnarketa, karrozen prestaketa, koreografia osatu eta entseguak egin… Prozesua guztia da inauterien ospakizuna, eta horrexegatik, ez zaigu hainbeste kostatu Ehorzketa antolatzeko erabakia hartzea.

C. G.: Egia da Andoainen pereza antzekoa sumatzen dela gauzak antolatzeko orduan, jendeak ez baitu busti nahi herriko dinamiketan. Baina oraingoan ausartu egin gara, eta merezi duelakoan gaude. Ea denon pozerako den.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!