"Oihalgintzak oso emakume ezberdinetara iristeko aukera eman digu"

Jon Ander Ubeda 2023ko ots. 24a, 21:55

Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan, egun hauetan, joskintzan ari den emakume taldea elkartu da. Jomugan martxoaren 4a dute. 

Oihalak jaso eta martxoaren 4ko berdintasunaren aldeko martxarako joskintza lanetan ari da emakume taldea. Beste egitasmo handi bat prestatzen ari dira, baina oraingoz ezin ezer gehiago aurreratu.

Jone Larrañaga, Ane Amondarain

Abiatu ginenean, oihalekin lan egiteko proposamena  sortu zen, horiek aukera ematen zigutelako emakumeon artean, saretzeko, josteko eta loturak sortzeko. Bada, oihal fisikoak erabilita adierazi nahi genuen hori. Alabaina, herriko jostunak lan hori egiteko prest ote zeuden jakin behar  genuen. 

Herriko jostun talde bati dei egin genion, eta oso harrera ona izan zuen beren arteak gure ideiak. Askotarikoa izan daiteke parte-hartzea, baina, hemen, emakumeak aktibatzea da inportanteena, eta jostunak prest agertu zirenez, lana antolatzen hasi ginen.

Itsaso Mendiluze arte komisarioa ere buru-belarri murgildu da, eta bere ideiari tira eginez, bi lan egin dituzte jostunek: alde batetik, herritarrek utzitako oihalak josi ditugu; horiekin, kaleak hartuko ditugu martxoaren 4an. Beste alde batetik, oraindik iragarri ezin den beste lan bat bistaratuko dugu asteartean. Logistika handia eskatu duen lana da, eta goiz, arratsalde zein gau aritu dira dozena bat jostun zereginean. Alde artistikoa, eskulana sinbolismoz betetako aldarrikapen batekin lotzen duen lana da. Pieza horrekin Andoaingo emakume guztiak identifikatuta sentitzea nahi dugu. 

Nabarmentzekoa da egindako bidea. Prozesua izan da: elkar ezagutzen zuten batzuek, beste hainbatek ez. Oihalgintzak oso emakume ezberdinetara iristeko aukera eman digu eta martxoaren 4an ikusiko da ahalduntze ariketaren nahiz saretzearen emaitza.

Amaia San Martin

Proposamen erakargarria zen, eta herriarentzat polita zela iruditzen zitzaigun. Emakume gisa, inplikatu behar genuela ikusi genuen. Ezingo nuke zehatz-mehatz esaten zenbat metro oihal josi ditugun, baina oso gustura egon gara, lan-taldeetan banatuta. Nire ustez, harrituta geldituko da jendea egin dugun lanarekin.

Garbiñe Otxandorena

Lan gogorra izaten ari da, hasiera batez ere. Ez zen, soilik, paperetik oihalera salto egitea, sormenari bide eman baitiogu. Ez zen laua gelditu behar, alegia, sakontasuna behar zuen lanak. Ahal duguna egin dugu eta polita izan da.

Bakizu, Ghana

Urte eta erdi daramat Gipuzkoan eta duela hiru aste iritsi nintzen Andoainera. Caritas taldeko jostunen artean nago lanean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!