"Gure eskuetatik irtengo den irudi erraldoi eta koloretsuak Andoaingo emakumeen aniztasuna sinbolizatuko du"

Xabier Lasa 2023ko ots. 27a, 20:09

Emakume asko ari dira lanean, azken asteotan

Andoaingo emakume talde batek denbora puska bat darama jotake josten eta josten, laster argia ikusiko duen ekimen baterako. Ines Medina da emakume jostun horietako bat.

Ines Medina

“Hilabetea beteko da hasi ginenetik lanean. Boluntarioak bi taldeetan banatu ginen hasieratik. Batetik, Zuena Emakumeen Topagunearen babesean dabiltzan jostunek ekin zioten. Eta bestetik, Larramendi Bazkunak 1837ko Andoaingo Guduarekin antolatutako kale antzezpena zela eta bildu izan garen jostunek. Ahal izan dugun tarteetan batu gara lanerako, Basteroko ekitaldi gelan; badira bertaratu ezin eta, etxeetara eraman dituztenak zereginak. Martxoak 8a baino lehenago bukatu beharr zegoen lana, eta ia egunero jardun dugu azken egunetan”.

Medinak azpimarratu duenez, material oso gogorreko oihalarekin aritu dira lanean. “Hatzentzat oso lan nekagarria eta zailtasunez beterikoa gertatu da. Baina hori guztia ez da deus, ikusita azkenerako zer osatu dugun. Satisfazio handia eragiten digun egitasmoa izan da”.

Barne poz hori nondik datorkien zehaztu du Medinak: “Bi arrazoiengatik esango nuke gertatu zaigula asebetegarria: batetik, emakumeen arteko egitasmo kolektiboa izan delako, eta horrek, geure arteko lagun-giroa sakontzen lagundu digulako. Eta horrez gain, esango nuke gure eskuetatik irten den irudi erraldoi eta koloretsu horrek Andoaingo emakumeen aniztasuna modu artistikoan sinbolizatuko duela, eta ikusgarri geratuko dela Plaza Morean, mundu guztiak ikusteko moduan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!