Arrakala digitala gainditzeko ekimena Andoainen

Jon Ander Ubeda 2023ko mar. 11a, 08:00
Hogei ordenagailu eta pantaila Ondarretaren esku utzi zituen IZT enpresak.

IZT kooperatibak “Digilagun” egitasmoa martxan jarri du, herriko etxebizitza bakoitzean ordenagailu bana egon dadin. Bigarren erabilera izango duten hogei ordenagailu utzi ditu Ondarreta ikastetxearen esku.

Geroz eta gehiago dira lanpostuen eta ondasunen sortzaile huts izateari utzi eta gizarte mailako erantzukizun sozial handiagoa hartzen ari diren enpresa ekimenak. Martin Ugalde industrigunean bulego nagusia duen IZT kooperatiba adierazitako horren isla da. “Digilagun” egitasmoa martxan jarri dute, herriko etxebizitza bakoitzean ordenagailu bana egon dadin. Bestela esanda, arrakala informatikoarekin amaitzeko urratsa eman dute. IZTk informatika zerbitzuak eskaintzen ditu, eta bezeroen aldetik ordenagailuak eta pantaila zaharrak jasotzen dituzte. Andoaingo enpresak material horri bigarren bizitza eskaini dio, eta beharra dutenen esku uztea erabaki du. Honako hauxe izan zen IZTren eta Ondarreta ikastetxearen harremanaren sorburua, enpresaren ordezkarien ahotan: “Urtearen hasieran, Andoaingo Ondarreta ikastetxearekin jarri ginen harremanetan, bertako beharrak ezagutu asmoz. Etxebizitza guztietan ordenagailurik ez zegoela jakitean, arrakala digital hori gainditzeko lanean jarri ginen. Horrenbestez, hogei ekipo informatiko egokitu eta ikastetxearen esku utzi ditugu”.

Egindakoarekin pozik agertu dira: “Pozgarria da, lan egiten dugun herrian horrelako ekarpena egin ahal izan dugulako. Gure kooperatiban erantzukidetasun soziala sorreratik izan dugu kontutan, eta norabide horretan urratsak ematen ari gara. Espero dezagun Digilagun egitasmoarekin laguntza eman ahal izatea”.

Bada, bai. Lagungarria izan da, oso. Ikastetxeko zuzendaritzakoek argi dute: "Balio handiko ekarpena izan da, arrakala digitalarekin amaitzea eta aukera berdintasuna bermatzea oso garrantzitsua baitira guretzat. Baziren etxean ordenagailurik ez zuten familiak eta horiek oso eskertuta agertu dira, ekimenarekin. Etxeko-lanen ediziorako eta nabigatzeko baliabidez hornitutako ordenagailuak dira, guztiak". Lehen Hezkuntzan ikasten ari diren hogei familia izan dira ekimen honen onuradunak.

Digilagun egitasmoa

IZT kooperatibak egitasmoa martxan jartzeko arrazoiak, nagusiki, bi dira: “Batetik, aztarna ekologikoa gutxitzea. Ordenagailuen bizitza luzatzea ahalbidetu nahi dugu. Eta, bestetik, gizartean geroz eta handiagoa den arrakala digitala gutxitzeko gure ekarpena egitea. Horretarako, gure bezeroek erabilera profesionalerako baztertzen dituzten ordenagailuak hartu, garbitu eta erabilera pertsonal egoki baterako prestatzen ditugu”. Oraingo honetan, herrian bertan burutu dute prozesu osoa.

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!