"Zail egiten da negozioari eustea"

Jon Ander Ubeda 2023ko mar. 11a, 08:00

Kale Nagusian dago "El rincon de Carlota" haur arropa-denda. Hilabete honetan itxiko ditu ateak.

Negozio bat zabalik izatea zaila bihurtu da gero.

Bai, zaila da. Internet bidezko erosketa dela eta, gertu ditugun hedadura handiko merkatalguneak direla eta, zail egiten da negozioari eustea.

Gastu asko, ezta?

Autonomoak, zergak, alokairua... Gastu askotxo eta, horrez gain, soldatatxoa atera behar da. Beraz, gastu handiak daude horrelako negozio baten atzean.

Bezeroekin bakarrik aurre egin daitezkeenak.

Bezero asko beharko genuke. Herritarrek herrian bertan, are gehiago kontsumitzea beharko genuke dendariok.

Zein izan da zure esperientzia?

Oso pozik nago. Oso gustura egon naiz, Andoaingo Kale Nagusira hurbildu den eroslearekin, nire ohiko bezeroekin. Oso eskertuta nago.

Eta merkatarien arteko harremana nolakoa izan da?

Oso ona. Oso gustura, zoriontsu izan naiz gainerako merkatarien alboan.

Epe hurbilean merkataritzan lanean ikusten al duzu zeure burua?

Oraingoz, ez. Esperientzia hau bizi izan dut eta, orain, beste zerbaiten bila abiatuko naiz. Beste lan esperientzia bat bilatu nahi dut.

Zure bezeroei zer esan nahiko zenieke?

Eskerrik asko, den-denei. Oso pozik egin naiz, eta esker hitzak besterik ez ditut. Lau urte eta erdiz ondoan izan ditut, eta guztiak ere "El rincon de Carlota"ren parte izan dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!