"Izen handiko saioa da Andoaingoa, goi mailako bertsolariekin"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko mar. 17a, 09:51

Sahararen aldeko urteroko bertso-saioa izango da Basteron, martxoaren 19an, Hurria Sahararen nahiz Punttuka bertso-eskolaren eskutik. Gai-jartzaile lanetan ariko da Maddi Etxeberria Otaegi.

Badator Hurria Saharak Punttuka bertso-eskolarekin urtero antolatutako hitzordua: Sahararen aldeko bertso-saioa. Eta, zu izango zara gai-jartzaile.

Ion Belokik pasa zidan lekukoa iaz, eta, aurten, bigarrenez izango naiz gai-jartzaile lanetan. Lehenengo aldian, proposamena luzatu zidatenean, bertigoa sentitu nuen, izen handiko saioa delako Andoainen, eta, gainera, goi mailako bertsolariekin. Oso gustura aritu nintzen, oso erantzun ona jaso nuen. Gainera, berriro ere bertsogintzara gerturatzeko aukera eman dit, azken urteetan, urrunduta egon bainaiz. Hortaz, ilusioz hartu dut.

Nahiz eta joan-etorrian izan, urte dezente eman dituzu bertsogintzarekin harremanetan.

Urte askotan ibili naiz, bai, aurrera-atzera: bertsozale moduan, sarritan, eta bertsolari gisa pintzelada batzuk eginda. Asko disfrutatu dut publikoan, eta, orain, pozgarria da berriro ere mundu horretan murgiltzea, gai-jartzaile rolean.

Non sentitzen zara erosoen, gai-jartzaile lanetan edo bertsoak abesten?

Gaiak jartzen, zalantzarik gabe. Egia da lotsa gutxirekin aritu izan naizela betidanik oholtza gainean, baina bertsoa da gehien sufriarazi didan diziplina, eta ez dakit, zehatz-mehatz zergatik. Ondorioz, nahiago gaiak jartzen ibili, nahiz eta lehenago etxeko-lanak egin behar izan, ondoren, taula gainean ez baituzu asko inprobisatu beharrik.

Zuk jada eginda al dauzkazu etxeko-lanak?

Gauzatxo batzuk falta zaizkit, baina, pixkanaka, osatzen ari naiz. Punta-puntako bertsolariekin izango naiz, beraz, bai, denbora eskaini diot.

Entrenatu egin behar izaten dute bertsolariek. Eta gai-jartzaileek?

Nire ustez, bai. Behin martxa hartuta, pentsatzen dut, gero eta errazagoa dela. Baina, bai, lanketa eskatzen du: hasteko, eguneratuta egon behar duzu, gaurkotasuna hurbiletik jarraitu.

Nundik hasi martxoaren 19ko saioa osatzen?

Beti egoten dira Saharari lotutako zenbait gai saioan. Beraz, bertako egungo errealitatea ahalik eta ondoen ezagutzen saiatu naiz. Bestalde, egunkariak irakurtzen ditut, Andoainen, eskualdean edo bertatik kanpo gertatu denaren berri izateko. Irakurri, irakurri eta irakurri!

Gaurkotasunak pisu handia du horrelakoetan, baina garrantzitsua iruditzen zait gaiek Andoainekin lotura izatea. Publikoak asko eskertzen du hori, gertutasuna sentitzen duelako. Esate baterako, aurreko urtean, Buruntzako gurutzea izan genuen hizpide, eraitsi berria zelako.

Sona handiko bertsolariak igoko dira oholtza gainera. Urduritzen al zaitu horrek?

Oholtza gainera igotzean lasaitu egiten naiz, baina egia da lehenago urudri samar egoten naizela.

1.800 kilo elikagai jaso da, Sahara aldera eramateko, Hurria Sahara elkartearen eskutik. Elkartasun keinu pozgarria, ezta?

Saharak ez gaitu geografikoki hurbil harrapatzen, baina betidanik izan da elkartasun berezia Euskal Herrian, baita Andoainen ere. Pozgarria da hori, eta jarrai dezagun horrela, bakoitzak al duen neurrian zien moduan laguntzen. Andoainen, gainera, urte osoan izan ohi du presentzia Hurria Sahara elkarteak eta hori ere garrantzitsua da. 

Orain arte, oso harrera oneko hitzordua izan da bertso-saioa. Zein aurreikuspen dituzue aurtengorako?

Andoaindarren agendan toki berezia hartzen duen bertso-saioa da. Igande eguerdian izaten da, eta oso ordu ona dela iruditzen zait. Betidanik izan du harrera ona eta aurten ere erantzun ona emango dute bertsozaleek, ziur!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!