Alegatzaileen artean daude erakundeak, elkarteak, alderdi politikoak eta pertsonak. Besteak beste, Adunako eta Andoaingo Udalak, Aita Larramendi ikastola, ENBA sindikatua, Sorabilla Errotagain auzo elkartea, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE edota talde popularra, SAPA, Gure Lau Bide, Talleres Aranburu eta beste zenbait enpresa.
Alegazioak 55 izan dira, eta erantzuna ematerako garaian, antzekotasuna dutenak multzoka jarri eta erantzuna eman diete.
Ezaguna denez, C2 egitasmoak aurkakotasun handia sortu du Andoainen. Egitasmoa atzera bota edo birpentsatzea eskatu dute askok, alegazioen bidez.
Muinean aldaketa handirik ez
Ibilbidea bere osotasunean zalantzan jartzen duten alegazioak aurkeztu dituzte Andoaingo Udalak, SAPAk, Andoaingo PSE-EEk, EH Bilduk, Podemos Ahal Duguk, Alderdi popularrak, Aita Larramendi ikastolak eta C2aren aurkako plataformak. Hauxe erantzunaren muina, alegazio-sortari: “Proiektuaren lehendabiziko etapetan alternatiben gaineko xehetasunezko azterketa bat egin zen eta, hor, ikuspuntu ugaritatik irtenbide ezberdinak aztertu ondoren, horien artean 2011. urtean proiektatu zenaren antzeko bat, irtenbide onena Bizikidetza-II izenekoa zela ondorioztatu zen, hain zuzen, jendaurreko informaziora eramandako dokumentuan garatzen dena (…). Beraz, erabaki hori aldatzeko behar adina argudiorik gabe, alegazioa ezestea proposatzen da”.
Mimendi
Hainbat alegaziotan estaldura jartzea proposatzen da, eta Aldundiak igorritako erantzunean “alegazioak onartu eta estaldura bat gaineratzea proposatzen da”. Noiz, nola eta zein aurrekonturekin egingo den ikuskizun da. Obra handi samarra delako eta hori egiteko denbora luzez N1 errepidearen martxa eten egin beharko delako.
Sorabilla
Alegazio ezberdinen artean, A15eko lotunea Inquitex aldean egitea proposatzen zuen Auzo elkarteak. Eta N1 errepidera sartzeko beste sarbide bat egitea proposatzen zuten, Iberdrolaren instalakuntzetik eta Villabonako lur eremutik gertu. Bada, Aldundiak honakoa dio “N-I errepiderako sarbidea Villabonarantz eramateko edozein alternatibak kostu ekonomiko handia izango duela”. Sorabillan egun dagoen lotura mantentzearen aldeko erantzuna eman dute “eta haren aldaketa idazteke dagoen eta aurreragoko faseetan egikaritzeko aparteko beste proiektu batekin jorratzea proposatzen da”.
Auzo elkarteak, besteak beste, N1 errepidea auzunetik urrundu nahi du eta errei-kopurua ez areagotzea eskatu du. Hauxe, Aldundiaren erantzuna: “Ezinbestekoa da errei kopurua areagotzea. N-I errepidearen trazadura mugitzea ezinezkoa da, inguruan dauden baldintzatzaile ugariak direla medio. Alegazioa ezestea proposatzen da”.
C2ak kaltetutakoen plataforma
Plataformak igande honetarako agerraldia iragarrita zuen, Goikoplazan. Ezinbestean, alegazioen erantzuna hizpide izango dute ekitaldi horretan. Lehenago ez bada.