N1 ANDOAIN A15

Herri-kontsulta loteslea egitea aldarrikatu du C2ak kaltetutakoen plataformak

Jon Ander Ubeda 2023ko mar. 26a, 13:22

Ez dute errepide-sare berria barrera-proiektu itzulezin bat bilakatzea nahi, eta horrexegatik “birpentsatzeko eta itxaropena eta konfiantza sortzeko aukera bat behar dugu”la uste du C2ak kaltetutakoen plataformak.

Proposamen zehatza egin dute agerraldian, “proiektu eraldatzaile berri bat, entzutearen emaitza izango dena eta gehiengoaren sentimendua errespetatuko duena. Proiektu jasangarri berri bat behar dugu N1 eta A15 errepideen arteko loturarako, pertsonen interesak errespetatzen dituen proiektua”.

Eta egitasmo hori andoaindarrek herri kontsulta bidez onartu beharko dute: “Behin proposamen landuta, gure ahaleginak N1aren eta A15aren arteko loturaren konponbidea 18 urtetik gorako andoaindar guztiei kontsulta egitera bideratuta egongo dira. Kontsulta legala eta loteslea. Andoaingo Udalak sustatu eta antolatuko duena zuen 2024/2025 epealdian. Horretarako, dauden aukera guztiak azalduko zaizkie Andoaingo herritarrei, eta horiei buruzko iritzia emateko eta egokien deritzotena aukeratzeko aukera izango dugu”.

Ekitaldi jendetsua Goikoplazan

C2ak kaltetutakoen plataformak jendea erakartzeko gaitasun handia duela erakutsi du, beste behin ere. Dozenaka lagun elkartu da, gaurkoan. Ekitaldi korala izan da, sei pertsona ezberdinek hartu baitute hitza. Eta adierazpenen artean Katramila antzerki taldekoek, esketx ezberdinen bitartez, umorez bete dute ekitaldia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!