“Euskalduna elkarteak Andoaingo gizartean izan duen eragin nabarmena da. Andoaingo erakunde handietako bat izan da Euskalduna, eta hala da gaur egun ere”, adierazi dute erakusketa antolatzen aritu diren Dabid Argindar, Jose Maria Lopez Zarraga eta Jaione Alonso herrikideak.
Etxeberrieta eta Loidi taberna klubaren hasieran ezinbesteko bilkatu ziren. Eta historian barrena bi aipamen horiek gaurdaino iritsi dira. Erakusketan toki nabarmena dute. Baita klubaren gidaritzan aritu diren pertsonak ere, Ramon Ganzarain lehen lehendakaritik hasi eta egungo Salva Paradararte.
Hiru argazki handi jarri dituzte Basteron: Euskalduna Etxeberrietan jokatzen ageri den lehenbiziko argazkietako bat, zuri-beltzean, Euskaldunak historian izan duen lehenbiziko emakume taldea eta taldeko argazki berezia, non 2022-2023ko denboraldiko jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzakide guztiak eta maskota berria azaltzen diren. Argazki gehiago ikusgai daude. Hiru aro berezi izan dituzte, 1923tik 1960ra, 1960tik 1998ra eta 1998tik 2023ra.
Erakusketa egin ahal izateko eragile askok parte hartu dute, eta denei eskertza adierazi diete. Andoaingo Udala, Andoaingo Udal Artxiboa, eta baita “irudiak eta materiala utzi diguten pertsona, partikular, argazkilari eta hedabide guztien borondate ona, horiek utzitako materialari esker gogorarazi ahal izan baititugu Etxeberrietako hastapenak, klub urdinaren historian mugarri izan diren momentu bereziak eta pertsona nabarmenak”.
Futbolaz harago, historian zehar Euskaldunaren parte izan diren beste hiru kirol modalitateak ere presente daude erakusketan: mendizaletasuna, pilota eta saskibaloia.
Erakusketa zabalik
Apirilaren 21etik maiatzaren 20ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 18:00etik 20:00etara eta larunbatetan 10:30etik a 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara.