Zarataren aurkako panela kendu dute, Aita Larramendi ikastola parean

Jon Ander Ubeda 2023ko mai. 4a, 14:22

Igandean hasita, N1 eta Aita Larramendi ikastolaren artean dagoen zarataren aurkako panela kendu dute. Egurrezko eta plastikozko egitura bat zen, lastoz beterikoa. Denbora tarte txikian nabarmen kaltetu zen behin-behineko egitura hori.

Duela urtebete kolore urdinekoa zen panela kendu zuten, arriskutsu zegoelako. Urtebete ez du egitura berriak, eta gaur erabat kendu dute. Igande arratsaldean kiroldegitik gertuen dagoen zatitxo bat erretiratu zuten. Askatzen ari zen egitura, eta plastikoak eta lastoak errepidean amaitzeko arriskua zuen. Asteazkenean egitura osoa kentzeko lanekin jarraitu zuten, eta gaur goizean zehar azken zatiak kendu dituzte.

Martxoaren 16an Aldundiak iragarritakoa betetzen ari dela dirudi

Jarduera horrek lotura izan dezake martxoaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen iragarpenarekin. Egun hartan zarataren aurkako pantaila jartzeko prozedura martxan jarriko zuela iragarri zuen. Ohar bidez lanaren xehetasunak eskaini zituzten: 332 metrokoa, N-I errepidearen eta ikastetxearen artean kokatuta, lanak ekainean hasi eta lau hilabeteko epean bukatuko direla aurrikusten zuten. Aurrekontua 736.000 eurokoa izango zehaztu zuten. Ohar berean, C2 egitasmoaren araberako lana izango zela zehaztu zuten: "Egitura berria, A-15 eta N-I errepideen arteko lotune berriaren proiektuak jasotzen dituen zarataren aurkako neurrien parte izango da”.

Lanak hilabete lehenago hasi dira. Ziurrenik lanak aurreratu egin dituzte gaur arte zegoen behin behineko pantaila zatar samar zegoelako.

Hilabete igaro da Aita Larramendi ikastolaren eta C2ak kaltetutakoen eskaera aurkeztu zenetik

Apirilaren 3an Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluari hartutako erabakiak bertan behera uzteko eskatu zion Aita Larramendi ikastolak. Trazadura proiektu berria idatzi behar denez, ikastolak ulertzen zuen oraindik ez dagoela pantailak C2aren arabera jartzeko proiektu formalik. Beraz, obren lizitazioa bertan behera uztea eskatu zuten. Aita Larramendik urteak darama pantailak jartzeko eskatzen, eta azken aldi honetan N1aren trazaturaren gainean jartzea eskatu du.

Egun berean, C2ak kaltetutakoen plataformak udaletxean eskaera formala egin zuen. Eulate Aita Larramendi ikastolako artezkaritzako bi kideekin batera agertu zen hedabideen aurrean. Ikastola parean panelak jartzeko prozeduran akatsa zegoela eta, jarduera hori bertan behera geratzea eskatu zuen. Izan ere, Aita Larramendi ikastola parean panelak jarri ahal izateko, Andoaingo Udalak lurren lagapena egin behar dio Foru Aldundiari. Plataformaren zerbitzu juridikoen arabera, lurren lagapenaren erabakia plenoan hartu behar da. Eta Andoainen ez da horrelakorik egin. Erabakia azaroan hartu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak, eta ez plenoak. Beraz, prozedura arrazoiak argudiatuta, lurren lagapena bertan behera uztea eskatu dute.

C2ak kaltetutakoen plataformak idatzi berria aurkeztu du udaletxean

Hilabeteko epea igarota, eta erantzunik jaso ez duenez, plataformak bereari eusten dio eta prozedura akatsak tarteko lurren lagapena bertan behera uzteko eskatuz jarraitzen dute. Eskaera egin dute, formalki, udaletxean (Ikus, oharra, artikuluaren amaieran).

Ikastolaren eta errepidearen artean babesik ez, orain

Bien bitartean, ikasturtea amaitzeko zazpi aste falta dira. NI errepideak sortzen duen zarata pairatu beharko dute ikasleek, bestelako egitura bat jartzen ez duten bitartean. Bideoa ikustea besterik ez dago, errepidean dagoen trafikoaren ondorioz kamioiek eta ibilgailuek egiten duten zarata handia dela antzematzeko. Eta trafikoaren ondorioz iristen den kutsadura ere ez da hain zeharkakoa izango, modu horretan.

 

 

OHARRA

Iñaki Perez de Eulate, CII proiektuak kaltetutakoen plataformaren ordezkariak gaur goizean idazki bat aurkeztu du Andoaingo Udalean, tokiko gobernu-batzarra jasotzaile gisa eta alkateari zuzendua.

Idazkiak kontuan hartzen du Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko azaroaren 4an hartutako erabakiaren aurka plataformak aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa. Erabaki horren bitartez, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, errepide zerbitzuari, 313,64 m2 lagatzen dizkio, pantaila akustikoak instalatzeko, egungo N1a handitzearen trazadura posible bat kontuan hartuta, eta beste 273,13 m2, obrak irauten duen bitartean, aldi baterako okupatu dezaten.

CII proiektuak kaltetuen plataformak, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundian nahitaezko entzunaldi-izapidea bete duenaren berririk ez duenik, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 118.2 artikuluan aurreikusita dagoen bezala, eta epea ia amaituta dagoela ikusirik, Cll proiektuak kaltetutakoen plataformak prozedura egoki tramitatzeko beharra ikusten du. Izan ere, Foru Aldundiak jarduketen deuseztasuna alega lezake, defentsa-gabezia eragiteagatik.

Horregatik, idazkian eskatzen du, aurreko idazkiak eta orain aurkeztutakoa kontuan hartuta, errekurtsoa behar bezala izapidetu dadila eta, egin ezean, Gipuzkoako Foru Aldundiari entzunaldiaren izapidea ematea eta errekurtsoa helaraztea, 15 eguneko epean alegazioak aurkezteko aukera izan dezan, lehen aipatutako 39/2015 Legearen 118.2 artikuluaren 1. apartatuan jasotakoaren arabera, gai horietarako "gutxienez 10 eguneko epea eta gehienez 15 egunekoa" ezartzen baitu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!