Gora Kaletxiki txarangak hartu du musikaren ardura, eta berak jarri du dantzan Unai Barrutia Urkiko dantzaria, Agurrarekin. Lore eskaintzan, berriz, Joxe Mari Oiartzabalek Andoaingo biktimak eta beren eskubideak gogoan hartuta sortua duen “Justizia” interpretatu dute musikariek.
Sorozabal eta Mendiluze bertsolariek bina bertso abestu dituzte, eta adiskideen izenean Joxelo Arregik hitza hartu du. Arregik, Joxe Ramon Ansak kuadrillako lagunei eman ohi zizkien lezioak, naturarekin eta baserri munduarekin lotutakoak, hartu ditu gogoan; alegia, nola erakusten zien meta egiten, nola bereizten sagar motak…
Santa Krutz Martxarekin eman diote amaiera ekitaldiari, Gora Kaletxikiko musikarien eta Santa Krutz jaietako hiru danborradetako (Zumeatarra, Peña Santa Krutz eta Herri danborrada) ordezkarien eskutik.
Joxe Ramon Ansaren anai Imanolek, Ansa Etxeberria familiaren izenean, eskerrik beroenak eman dizkie omenaldi ekitaldira bertaratu diren guztiei.