Elkarrizketa, hauteskunde-kanpainan, eta, jendaurrean. Erronka hori jarri die Aiurrik Andoainen ordezkaritza duten lau hautagaiei. Emaitza, Basteroko saioetara hurbilduko ez denarentzat, aiurri.eus gunean ikusgai izango da hurrengo astelehenetik aurrera.
Andoainen ordezkaritza duten lau alderdi politikoetako hautagaiak beren egitasmoak aurkezten ari dira, aste honetan, Bastero Kulturgunean. Asteartean EH Bilduko Andoni Alvarezek eman zion hasiera, elkarrizketa-sortari. Aurreko hauteskundeetan emaitza onena lortu zuen koalizioak, baina sozialisten eta jeltzaleen akordioaren ondoren aginte-makilik gabe geratu zen. Bigarrenez aurkeztu da Alvarez, alkatetza eskuratzeko helburuarekin.
Haren atzetik, Aiurriko galderei erantzuten jardun zuen Pepe Iparragirre Elkarrekin Podemoseko hautagaiak. Tere Santanaren lekukoa hartu du, eta ordezkaritza berrestea dute helburu.
Ostiral honetan , gehiago
Ordezkaritza duten beste bi hautagaien txanda iristear da. Arratsaldeko 19:00tan hasita, PSE-EEko Maider Lainez igoko da taula gainera. Egungo alkatea da, eta kargua berrestea helburu du. Elkarrizketa-sortari amaiera emango dio EAJ-PNVko hautagai Imanol Goenagak, 20:00tan hasita. Zinegotzia da, egun, eta hauteskunde hauetan bera izango da jeltzaleen zerrendaburua. Aurreko hauteskundeetako emaitza hobetzea dute abiapuntu.
Elkarrizketa sortaren hurrenkera zozketa bidez egin da.
Jendaurrean, ordu ezberdinetan egin badira ere, lau elkarrizketak aiurri.eus webgunean ikusi ahal izango dira maiatzaren 22an.