Zein da zure aldartea kanpaina amaitzeko egun gutxiren faltan?
Animoz beterik nago, jendearengandik gertu egotea gogoko dudalako. Funtsezkoa iruditu zait hori, betidanik. 32 urte ditut, eta 16 urte nituenetik PPn murgilduta nago. Lana dela medio, alde batera utzi behar izan nuen aldi baterako politika. Baina, erabat, ez naiz inoiz desagertu. Andoaingo hautagaitza proposatu zidaten, eta ilusioz heldu diot erronkari. Jende asko ezagutzen dut, Aita Larramendiko guraso asko. Haiekin behin baino gehiagotan egonda nago, haurrekin jolasean. Esperientzia horien bitartez, beren beharrak zeintzuk diren antzeman ditut.
Beraz, Andoaingo ezagutza baduzu. Zein da, zure ustez, udalerriak dituen arazo handienak?
Biziki kezkatzen nau N1 errepideak. Sutan nauka gaiak. Ikastolaren ondoan gaizki jarritako panel moduko horiekin, haurrek ezin dute horrela ikasturtea amaitu. Ikasturte amaierako argazkia hori izatea... Ez dut ikusi nahi.
Udalerri mailako arazoa da. Zaratarekin ezin baduzu lorik egin, udalerria nabarmen mugatuko badizute A15eko trafikoa N1 errepidetik sartuz: sekulako arazoaren aurrean gaude.
Harritzen al zaitu Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatu nahi duen C2 delako egitasmoa?
Harritzen nau. Ez dut ulertzen, gainera. Zein behar dugu udalerri bat horrela zigortzeko? Udalerri erdia aurka daukate.
Ez da zure iritzia soilik, PP alderdian.
Halaxe da. Batzar Nagusietan bat gatoz ideia honekin. Azken finean, logikaren ildoa da.
Tokiko merkataritzarekiko kezka agertu zenuen, Andoainen egin zenuen aurkezpenean.
Kezkaz bizi dugu, dendariek halabeharrez eta beren gogoaren kontra negozioa itxi behar izan dutelako. Estu ikusten ditugu hainbat merkatari, eta normala da. Segurtasun falta ere nabarmena da, lapurretak nabarmen handitu direlako. Lasaitasunez oheratzea garrantzitsua da, biharamunean lasaitasun berarekin esnatuko zarela jakinda.
200 boto inguru jaso izan dituzue, azken agintaldietan.
Bai, eta inkestei ez diet jaramon handirik egiten. Fisikoki ez nago beti Andoainen, baina, telefonoz, gurasoekin hitz egiten dut eta egun osoa han bizi direnekin. Zuzeneko harremana dut.
Zein ekarpen egiten dizute?
Vox populi omen da ibilgailu elektrikoen kargarako puntu gehiagoren beharra. Zeren eta amalurra pikutara doan garaiotan, puntu elektriko horien beharra dugu Gipuzkoa berde hori izaten jarrai dezagun.
Eta, bestalde, Belabi kaleko aparkalekuaren egoera kaskarrarekin kexu dira bizilagun asko. Lehengoan izan nintzen han, eta txundigarria iruditu zitzaidan. Hirugarren mundukoa.
Andoain herriak ez du igerileku irekia. Nola da posible hori, 14.000 biztanleko herri batean? Ez da normala. Eta igerileku itxiko ura izoztuta badago, horrek ez die haurrei igeriketan trebatzeko laguntzen.
Botoa emateko zalantzan dauden andoaindarrei zer esango zenieke?
Alderdi popularra osatzen dugun kideongan konfiantza izan dezatela. Jendearengandik gertu egon garelako beti. Entzuketa aktiboa egiten dut, eta guztiak entzuteko prest nago.