EAJ-PNVk 1979ko udal hauteskundeetan lortu zuen emaitzak gaindiezina zirudien. 2727 boto lortu zituzten, eta boto-portzentaiaren %41,42. Erramun Ansa izan zen orduko alkategaia. Berrogei urte geroago, Ansa bizirik zegoela, haren bizilagun zen Andoni Alvarez EH Bilduko alkategaia izan zen. 2.823 boto eta boto-portzentaiaren %38,53 eskuratu zuen 2019an. Lau urte atzera gertatu zena, aski ezaguna da. Andoni Alvarez eta EH Bildu oposizioan geratu ziren, PSE-EEko Maider Lainezek eta EAJ-PNVko Marijose Izagirrek gobernu-hitzarmena sinatu ostean. Babes zabala duen hautagaia oposiziora bidaltzea ariketa zaila da. Eta lau urteko jardunari zukua atera behar zaio.
Bistakoa da ez diotela gobernagarritasunari zukurik atera. Edo, behintzat, herritarrek ez dute hori barneratu. Eta 2023ko maiatzaren 28an gobernu taldeko kide diren PSE-EEk eta EAJ-PNVk botoetan eta boto-portzentaian galera izan dute. EH Bildu da botoetan eta boto-portzentaian hazi den alderdi bakarra. Emaitza ikusgarria da: 2886 boto, eta %44,63ko boto-portzentaia.
EH Bilduren gobernua oztopatzea oso zaila ikusten da. Lau urteotan, Elkarrekin Podemosekin sintonian izan dira. Bien artean gehiengo osoa ziurtatzen duten bederatzi zinegotzi dituzte. PSE-EE, EAJ-PNV eta Podemosen arteko aliantza ez da aukera bat, une hauetan.
1979 - Erramun Ansa
(EAJ-PNV) 2727 boto / %41,42
2019 - Andoni Alvarez
(EH Bildu) 2823 boto / %38,53
2023 - Andoni Alvarez
(EH Bildu) 2886 boto / %44,63