Hitzarmena modu azkar eta naturalean itxi da eta azken lau urte hauetan lortutako bi alderdien arteko lanketa eta konfiantzari erantzuten dio.
Maiatzaren 28an lortutako emaitzen azterketa komuna eta argia da:
- Herritarren botoek, egungo PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiek osatutako udal gobernua kanporatu dute.
- Azken lau urte hauetako kudeaketa kaskarra eta gobernantza itxi baten eredua, urgentziazko norabide baten aldaketa eskatzen duten hauteskunde emaitzan islatu dira.
- Orain arte, oposizioan egon diren bi alderdien gehiengo zabalak, udal gobernu berriari, ezinbestekoa den egonkortasuna eta eraginkortasuna emango dio.
- Andoaindarrok emandako botoari arduraz erantzun behar zaio. Adostasunak aldaketa behar bati arduraz erantzuten dio.
- Egun, Andoain herria, erantzun instituzional garbia eskatzen duten hainbat arazo larri ditu (C-2, Etxebizitza...).
Hitzarmen honen bidez, bi alderdiek gobernuaren ekintza garatuko den lehentasunezko markoa finkatzen dute. Adostutako puntuak eta hemendik aurrerako desadostasunerako marjena, non alderdi bakoitzaren irizpide politikoetan oinarrituta, ekarpen propioak artikulatzeko gaitasuna izango duten.
Ondoren adostutako puntu nagusiak:
- Udalaren berrantolaketa: Udal gobernu berriak, udal berrantolaketaren prozesua martxan jarriko du. Prozesu honen bidez, udal funtzionamendua optimizatzea lortu nahiko genuke, batzorde kopurua jeitsita eta barneko baliabideak ere hobetuta.
- C-2 proiektua: Bi alderdiek beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak erabiliko dituzte udal gobernutik C-2ren kontrako kanpaina instituzionala hasteko, herri mailan proiektuak izan ditzakeen ondorioen gaineko informazioa ematen. Kanpaina honekin batera, herriko mahaia osatuko da proiektu alternatiboa idazteko helburuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiari gaia desblokeatzeko bi aldeko mahaia eskatuko zaio.
- Hezkuntza: udal konpetentzien barne, baliabide ekonomiko handiagoak emateko konpromisoa hartzen da Ondarreta ikastetxearen instalazioak hobetzeko.
Horrez gain, beste hainbat beharren azterketa egingo da egoera zailetan dauden ikasleen bizimodua hobetzeko, Andoaingo beste ikastetxeetan ere zabalduko dena. - Inbertsioak: Inbertsioekin lotutako egutegia adostuko dugu, orain arte askotan aipaturiko gaiei bultzada emateko (Kiroldegia, Udal liburutegia, Zerbitzuetako pabilioia...).
- Zerbitzu publikoak: Egun azpikontratatuta dauden zerbitzuko publifikazioaren gaineko lehentasunak adostuko dira (lorezaintza, eraikin publikoen garbiketa...).
- Gobernantza parte-hartzailearen eredua: Udal gobernu berriak, herri partaidetza eta gobernantza kolaboratzailea sustatzeko dituen mekanismoak martxan jarriko ditu. Udal partehartze ordenantza baten definizioan eta onarpenan lehentasun gisa jarrita.
Hitzarmena betetzeko, Udal sail guztiak EHBilduko zinegotziek zuzenduko dituzte. Dena den, Elkarrekin-Podemos alderdiak ordezkari bat izango du Udal Gobernu Batzordean eta aurreko legealdian desaktibatutako Etxebizitza Mahaiaren funtzioa, osaketa eta funtzionamendu berdefinizioan ere hartu dute konpromisoa. Mahai hau martxan jartzen denean, Elkarrekin-Podemosek zuzenduko du.
EH Bilduk udal sail guztiak gidatuko dituen arren, Elkarrekin-Podemosek askatasuna dauka bertan lantzen diren gai guztien gainean irizpide propioen arabera erabakitzeko. Hala ere, gai estrategikoak (ordenantza fiskala, udal aurrekontua...) aldez aurretik adostuko dira bi alderdien artean. Elkarrekin-Podemos alderdiarekin adostea lehenetsiko den arren, batzeko asmoa duten beste alderdiei ez zaie atea itxiko, gai bakoitzean akordio orokorrak eta transbersalak lortzeko helburarekin.
Alvarez pozik agertu da eta bere hitzetan “hitzarmen honek maitzaren 28an hautetsontzitan azaldutako sentipena jasotzen du. Andoaindarrek botoa eman zuten EHBilduk gobernatu dezan, eta horrela izango da. Elkarrekin-Podemosen laguntza oso garrantzitsua izango da eta espero dugu legealdian zehar adostasunak beste alderdiei zabaltzeko aukera egotea. Andoain herriak erronka garrantzitsuak eta premiazkoak ditu, ondorioz, arduraz erantzun beharra daukagu”.
Bere aldetik, Pepe Iparragirrek honakoa adierazi du: “Gure iritziz, herriak hautatu duen hautagaia babesten dugu. Espero dugu inbestidura-akordio honek Andoainek eskatzen dituen gizarte-politikak praktikan jartzeko balioko duela eta, aldi berean, gure ideiak loturarik gabe defendatzen jarraitzeko askatasuna izango dugula”.
Datorren larunbatean, ekainaren 17an, goizeko 10:00etan inbestidura plenoa ospatuko da. EHBilduk eta Elkarrekin-Podemosek ekitaldira gerturatzeko deialdia egiten dugu.