Jaietako lehendabiziko ekitaldia amaiturik, Kaletxikin bildu ziren ehunka festazaleak bokatafari herrikoian murgildu ziren. "Krisiaren aurkako ogitartekoa" jaten hasi orduko, Rockalean eletrotxaranga azaldu zen, eta hainbat dantzan jarri zituen, 80ko rock kutsuko doinuekin.
Musikarekin girotutako jaiek goizeko ordu txikiak heldu arte jarraitu zuten, 23:30ean, Gozategiko musikariek, oholtzara igo eta dantzaldiari ekin baitzioten. Emanaldi bikaina eskaini zuen taldeak, plaza leporaino bete zuen jendearen gozamenerako..
Alvarezen kaletxikitarraren sentimendua
Andoni Alvarez Kandido jaietako pertsonaje nagusia da aurten, eta Goikoplazatik abiatu zen kalejira Kaletxikiraino heldu zenean, Ontzako egoitzan, ikurrina eta elkarte beraren bandera zintzilikatu zituen, ohiturari jarraiki.
Ondoren, oholtzara igo eta pregoia egin zuen Alvarezek. Haurtzaroan eta gaztaroan Kaletxikin bizi izan zela gogorarazi zien plazan bildu zirenei: "Oso barneratua daukat kaletxikitar sentimendua. 30 urte bete arte, Kaletxikin bizi izan nintzen. Gogoan daukat umetan, oso auzo bizia zela hau. Bazeuzkan hiru janaridenda, bi harategi, bi taberna, arrandegi bat, kirioldenda bat... Beste auzoetatik ere jende asko etortzen zen hona. Niretzat, Kaletxiki auzoaren mugek, honakoek markatzen dute: Goikoplaza aldera Arrate frontoiak, eta Urnieta aldera, Berria egunkariak. Horrela, egun asko egiten nituen auzotik atera gabe. Izan ere, Arrate frontoian ordu asko egiten nituen, Berria egunkarian lan egiten nuen, eta erosketak-eta auzoan bertan egiten nituen".
Ondoren, gogoratu zuen nola pilota eskola 1997an martxan jarri zutenean, Kaletxikiko dendariak eta auzotarrak izan zirela lehenbiziko laguntzaileak. Orain gutxi 1997an. Aurten, otsailean, hil den Patxi Mendikite harakina ere bereziki aipatu nahi izan zuen, "berak barneratu zidan kaletxikitarraren sentimendua, eta ilusio handia egingo zion ni Kandido bezala ikustea gaur".