Jeltzaleen eta sozialisten aldartea, ehun egun igaro direnean

Jon Ander Ubeda 2023ko ira. 30a, 09:44

EH Bilduk agintzen du Andoainen, Elkarrekin Podemoseko ordezkariarekin agintaldi osorako akordioa sinatu ostean. Ehun egun igarota, sozialistek eta jeltzaleek adierazpen bana egin dute.

Astearen amaieran alderdien arteko joko politikoa areagotu da. Ostegunean Udalaren ohiko batzarraldia izan zen, eta ostiralean oposizioko alderdiek agiri bana kaleratu zuten.

Jeltzaleak, eskuak luzatuta

Jokabide eraikitzailea izaten ari da, hasiera batean, Andoaingo EAJ-PNV. Plenoan, birritan, eskua luzatzeko borondatea agertu zuten. Biharamunean ateratako oharrean ildo horretan sakondu zuten eta, era berean, zehaztasun gehiago eskatzen diote gobernu taldeari. Kritikatxo modukoa da, baina jeltzaleek aukera moduan ikusten dute zehaztasun falta hori. Gainerako alderdiek ekarpenak egiteko aukera izan dezaketelako. Eta, ahal dela, kontutan har daitezela ekarpen horiek. EAJ-PNVren ohar oso lehen parrafoan laburbiltzen da: “Andoaingo EAJ-PNVk uste du EH Bilduk aurkeztutako gobernu programak eta alderdi berak udalerriaren egoerari buruz egiten duen diagnostikoak zehaztasunik gabea eta oso lauso dela. Hala ere, irakurketa negatibo bat egitera mugatu gabe, jeltzaleek eskua luzatu dute elkarlanean aritzeko eta elkarrekin lan egiteko, uste baitute konkrezio falta horrek elkarrizketa sustatzeko eta akordioa sustatzeko bidea ireki dezakeela. Horretarako, EAJk eskatu du EH Bilduk Udaleko gainerako taldeen parte-hartzea erraztea, elkarrekin udalerriak dituen erronka nagusiei irtenbideak bilatzeko”.

Sozialistak, haserre

Egun hauetan, haserre daudela erakutsi nahi diote gobernu taldeari. Udal batzarraldian eta ondorengo oharrean agerian utzi zuten jokabide hori. Herri bileran, egoera ekonomikoari buruz EH Bilduk egindako analisia euren aurkako kritika modura hartu dute. Andoni Alvarezek, ordea, Basteron egin zuen agerraldian 2015-2022 urteen arteko grafikoa erakutsi zuen. Sozialisten azken agintaldiaz harago doan aroa erabili zuen, azalpenetarako. "Egoera ekonomikoa sakon aztertu ondoren, kezkatuta gaude Udalaren aurrekontuko gastu arruntaren ehuneko handia dela-eta". Adierazpen horrek 'harridura eta haserrea ' eragin die Andoaingo sozialistei.

Plenoan, Verdasco sozialistak estu hartu nahi izan zuen Alvarez. Zehazki, Ama Kandidako etorbidearen auzian argitaratu zuten prensa-oharraren harira. Auzia “desblokeatu” zutela zioen prentsa-oharrak. Eta hori, Verdascorentzat, onartezina da. Eta, plenoan, aureko urteetan auziari buruz egindako lan guztia defendatu nahi izan zuen.

PSE-EErentzat EH Bilduk “desblokeo” hitza erabiltzea onartezina bada, ikusi behar zer adieraziko dion EAJ-PNVri. Izan ere, atzo zabaldutako oharrean, jeltzaleek adiera bera erabili baitzuten: “EAJ-PNVrentzat lehentasunezkoak diren hainbat jarduketa daude: Etxeberrieta eta Ama Kandida bezalako hirigintza-garapenak desblokeatzea eta gauzatzea”. Jeltzaleena da adierazpena, duela gutxi arte sozialisten gobernukide izandako alderdi politikoa.

Hauxe da, laburbilduz, oposizio bi alderdien aldartea agintaldia hasi berritan.

Erlazionatuak

Gobernu taldeak badu plana

Jon Ander Ubeda 2023 ira 28 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!