[Aiurri | Hemeroteka]

"Urte hauetan guztietan oso estimatuta sentitu naiz Andoainen"

Xabier Lasa 2023ko aza. 23a, 11:41

Anabel Fernandez Gorosabel Andoaingo emagina izan zen 33 urtean, eta bertako makina bat emakumerekin tratua edukitzea egokitu zitzaion. Erretiroa hartu berritan, Aiurri hamaboskariari elkarrizketa eskaini zion. Honatx, solasaldi hark eman zuena.

Herritarrekin tratu handia eskatzen duen lanbidea izan da zurea. Ez zen izango nolanahikoa zure agurra.

Hunkigarria izan da! Egia esanda, banaka-banaka agurtzen joan naiz urtean zehar. Osasun azterketak urtero edo hiru urtero izan ohi direnez, jendea kontsultatik pasa ahala, guztiei aditzera eman nien banindoala eta azken aldia izango zela elkar ikusten genuela. Azaroaren 9an, nire azken lan egunean makina bat dei eta mezu jaso nituen! Nire adin beretsuko emakumeen mezuak eskertu ditut modu berezian, haiekin batera joan bainaiz hazten eta hezitzen. Nire hirugarren haurdunaldia, esate batera, Andoaingo emakume batzuekin batera bizitzea egokitu zitzaidan, oso gertutik.

Urte hauetan guztietan oso estimatuta sentitu naiz Andoainen; 2014ko martxoaren zortzian emakume izendatuetako bat izanak ere indartu egin zidan sentimendu hori. Gauza ederra da aitormen hori pertsona batentzat!

Nortzuekin izan zenuen azken kontsulta?

Pakistanetik etorritako bikote batekin. Komunikatzeko hizkuntza traba izan arren tratu goxoa eduki dugu azken aldian. Jaioterrira zihoazela-eta, handik itzulitakoan opari batekin etortzekoak zirela agindu zidaten; baina erretiroa hartzera nindoala gogoratu nien, eta orduan emakumeak egundoko besarkada eman zidan. Bihotz-barruraino sartuta geratzen diren horietako bat. 

Egindako lanak poza eragin dizula aitortu duzu argitaratu duzun gutunean. Ez dago edonoren esku horrela hitz egin ahal izatea…

Nik gozatu egin dut Andoainen; ezin oroitzapen gozoagoa daramat bertako jendearengandik. Ez dakit zergatik, baina beti eduki izan nuen emagina izateko gogoa, beti erakarri izan naute haurdunaldiaren eta erditzearen gaiek, eta zalantzarik eduki gabe jo nuen medikuntzaren arlotik. Gizakiekin harreman estua egiteko aukera ematen dizu lanbide honek, eta pasioa behar duzu jarri, bete-betean inplikatu behar zara; jai duzu bestela.

Egun batzuk pasa dira anbulatorioko lanpostua utzi zenuenetik. Zer moduzkoa da erretiroa hartutakoaren bizimodua?

Egun gutxi daramat jubilatu gisa, baina dagoeneko ohartuta nago zer den egun osoan zehar nahi duzuna egiteko askatasuna edukitzea. Makina bat hobby ditut; bidaiatzea dut gogoko, irakurketa, pasiatzea… Nekez bizi ahal izango dut lan uztearen osteko traumarik!

33 urte atzera eginda, nolakoak izan ziren hastapenak emagin gisa?

Ikasketak egin eta gero, 1982an, lagun batzuk familia-planifikaziorako zerbitzu pribatu bat ireki genuen Lasarten. Gabezia handiak zeuden arlo horretan garai hartako gizartean; Osakidetzak ez zuen halako zerbitzurik eskaintzen, eta mugimendu feministaren eskakizunetako bat zen. 1984-1985ean, Andoaingo Udalak kontrataturik, amatasunaren inguruko heziketa jorratzeko kontsulta txiki baten ardura hartu nuen. Kokapen ezberdinak ezagutu zituen zerbitzu horrek: Olagaingo musika eskolaren azpian, Ondarreta auzoan egun liburutegia eta bake-epaitegia dauden tokian, eta, Ondarretako ikastetxearen haur hezkuntzako eraikuntzan. Eskertzekoa izan zen Andoaingo Udalak herritarrei zerbitzu hori eskaintzeko hartu zuen konpromisua. Behin Jaurlaritzak ginekologiako saila Osakidetzaren baitan integratzea erabaki zuenean, Arantxa San Migel ginekologoak, Maite Olmeñok eta hiruok jarri genuen martxan Andoaingo anbulatorioan.

Lorpen historikoak aipatu dituzu, emakumeen eskubideei dagokienez…

Jakina! Andoainen bertan, Carmen Alcacerak utzi zuenetik, hutsik zegoen emaginaren figura. Tolosan ginekologiako espezialista zegoen, baina besterik ez! 70 eta 80. hamarkadetan emakumeen mugimenduek izugarri borrokatu zuten, dena zegoelako lortzeko, eta horri esker etorri ziren hainbat eskubide, gaur egun gure esku daudenak. Historiak halako irakaspenak jartzen dizkigu begi-bistan, nahiz eta batzuei iruditu, zerutik erortzen direla eskubideak.

Zeintzuk izan dira zure zereginak?

Emaginaren funtzioa haurdunaldiarekin lotu ohi da batik bat, baina lanpostu honetan ugaritzen joan dira zereginak, denboran zehar. Pentsa, etxean lotsa ematen diola eta tanpax bat nola jartzen den galdezka datorkizun 14 urteko neska batetik hasi, eta hortik aurrera, edozein emakumeri eskaintzen zaio laguntza. Arlo ugari lantzen dira: familia-planifikazioa (sexu hezkuntza, antisorgailuak…), prebentzioa (transmisio sexualeko gaixotasunak, zitologia...), amatasuna (haurdunaldia, erditzea, erditze ondorena, bularra emateko ikastaroak…), menopausia…

Prestaketa profesionalaz gain, psikologia pittin bat ere beharko da lanpostu horretan…

Goxoekin batera une larriak bizi behar izaten dira, gaixotasunak, gaizki doazen haurdunaldiak, abortuak, tratu txarrak… Dena ez da arrosa kolorekoa bizitza honetan, eta emakume asko hustu egiten dira kontsultan; konplizitate giroa sortzen da ia dena kontatzen dizute, emakume helduagoek batik bat. Esango nuke emagina emakumea izatea lagungarri dela kasu guzti horiek ulertzeko; ezagutzen ditut emagin gizonezkoak, oso profesional onak direnak, eta behar bada haserretu egingo zaizkit, baina pentsatzen dudan bezala hitz egiten dut. 

Gizartearen eta emakumeen bilakaera zuzen-zuzenean bizitzeko aukera eman dizu kontsultak...

Bai, eta badaukat zer kontatua; baina kosta egingo litzaidake, oso kritikoa bainaiz gizartearekin. Izan ere, neure belaunaldia idealizatzeko arriskuan eror naiteke… Gureak errepresioa jasan zuen alde askotatik, baina borrokalaria izan zen. Zegokiona eskatzeko kemena eduki zuen. Eta orain ikusten dut orduko lorpen ugari galtzeko edo diluitzeko arriskuan daudela. Badaude gai batzuk asaldatu egiten nautenak. Esate batera, lana eta amatasuna partekatzearena. Nire hirugarren semea edukitzeko nengoela, kontsultatik atera eta erditzera abiatu nintzen zuzenean. Halakoak ginen modu kontziente batean, baina orain askotan joera handia dago baja hartzeko haurdunaldi hasieran edo jaio den umea zaintzeko. Ez dut esaten gaizki dagoenik opzio horri heltzea, baina beldurra ematen dit, borroka latza egin baita emakumeek, langile gisa, gizartean geure protagonismoa eduki dezagun; arriskua ikusten dut berriro ere emakumea etxera zokoratuta gera dadin. Egia esatera, ez da erreala umeen zaintzarako genero paritatea, eta belaunaldi gazteei kontzientzia falta sumatzen zaie, gauzak ez baitira oparitzen.

Bestalde, nahiko kritikoa naiz Osakidetzan ematen diren zerbitzuekin. Ginekologia alde batetik, emagina beste aldetik… Emakumeari zerbitzua modu integral batean eskaintzeko bokazioa galdu da. Sexologoak ere kendu dituzte.

Gizonezkoen parte hartzeaz, zer diozu?

Aldaketak onerako izan dira; iraganean baino gehiago hurbiltzen dira kontsultara, eta gutxiago edo gehiago, partekatzen dute haurdunaldiari buruzko informazioa, amatasun hezkuntza, haurraren hazkuntza… Erraztasunez moldatzen dira jaio berriekin, aisa aldatzen dizkiete pardelak… Hori bai, lan-bajak edo lan-utzialdiak hartzerako orduan emakumeak dira lehenbizikoak, nagusiki.

Erlazionatuak

Andoaindar guztiei

Ana Fernandez Gorosabel 2017 abe 01 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!