Elikadura burujabetzaren aldeko elkartasun deia El Salvadorretik, Nerea Izagirreren eskutik

Aiurri 2024ko ots. 6a, 16:49

Ia 12 urte dira Nerea Izagirre, Sara alabarekin, El Salvadorrera joan zela gizarte egitasmoak garatzeko asmoz. Geroztik, nekazaritzari lotutako familia-proiektuan murgilduta dabil. Lau zutabe ditu proiektu horrek: elikadura burujabetza, ingurumenaren zaintza, lan-baldintza duinak sortu eta gazteentzako lan irtenbide bihurtzea, eta, lurra lantzearen bideragarritasuna eta eredugarritasuna. 

Oraindik orain ETB2n Vascos por el mundo saioan eman ditu azalpenak proiektuaren gainean (17:17 minututik aurrera). Egunotan igorri digun idatzian, aitortzen du autogestioa garatzen segitzeko une erabakiorra bizi duela familia-proiektuak, eta elkartasun deia luzatu du horrexegatik. Hona bere idatzia:

El Salvadorren, elikadura burujabetzaren bidean

Badira ia hamabi urte Euskal Herria utzi nuela, Sara nire alaba zaharrena eta garai hartan nire senarra zenarekin batera. Bi urtetarako abentura izango zenak askotxo erakutsi dit; unibertsoak bete behar nuen lekuan jarri didala esango nuke.

Dagoeneko, atzean geratu dira El Salvadorrera ekarri ninduten arrazoiak, hots, garapen-lankidetza eta emakumeen aldeko proiektuak. Hamar urtetan, Mugen Gainetik Donostiako Gobernuz Kanpoko Erakundearen eskutik lau proiektutan parte hartuta, esperientzia eta ikasgai ugari ditut soinean. Orain urte eta erdi inguru, ordea, bizitza erabat iraultzeko erabakia hartu genuen. Hau da, soldata finko baten segurantza eta lan baldintza erosoak utzi, eta, emeki-emeki, eraikitzen ari ginen familia proiektuan
buru belarri murgildu ginen. “Las Barillas Finca Agroecologica”az ari naiz, Suchitotoko Papaturro nekazal komunitatean 6.000 metro karratuko lurzoruaz, hain justu.

Etxeko elikadura burujabetza bermatzea zen helburua. Denborarekin, bizimodu eta ogibide bilakatu dugu. Momentuan, Txele nire bikotea, Yaayan gure alaba eta hirurok, nire bikotearen anaia gazteenak (Victor eta Carlos, 17 urteko nerabeak) eta auzoko bizilagun bat (Ana) ari gara bertan lanean.

Ametsa lortzeko bidean zailtasun ugari izan dugu, eta horien artean bi dira nabarmentzekoak. Batetik, nekazal praktikari lotua, lur egokia lortzea, eta, bestetik, amatasunari lotua eta emozionalagoa dena. “Nire ametsa” zena nerabezaro bete-betean zegoen alabarekin elkarbanatzea. Lehenengoa gainditzea oso erraza izan zen, bigarrena, gainditzeko bidean gaude.

Bada bestelako hirugarren arazoa, oraindik ere pertsonalagoa dena eta gaindiezina ez bada ere, gainditzeko ahalegin handia eskatzen duena. Nire jatorriarekin lotua dago, “kalekume” izatearekin, europarra izan eta naturarengandik hain urrun aurkitzearekin. Nahiz eta hasieran bestelakorik pentsatzen nuen, egunerokotasunean neuzkan gabeziak nabarmendu zaizkit. Etengabeko lanean ari naiz, egunen batean nekazari %100 kontzientea bilakatzeko. 

Lehenengo zutabea, elikadura burujabetza

Konpromiso politikoa izatetik edo hitzetatik ekintzara pasa gara. Bide horretan gailurrean gaudela esango nuke, atzera-bueltarik gabe. Etxeko elikadura beharrei, %85ean, finkatik bertatik erantzuten diegu, %10 komunitatean bertan erositakoarekin eta gainerakoa kanpoan erosita. Gure lursailaren antolaketa dibertsifikazioan oinarritzen da: fruitu arbolak, barazkiak, errizoma, tuberkuluak eta sustraiak, arraina eta ahuntzak. Tropikoan bizitzeak abantaila asko dakarzkigu: eguzkiaren presentzia eta indarra, hezetasun eta lehortearen arteko oreka, “bizitza” nonahi ernetzea eta naturaren zikloen behatzaile izateko aukera paregabea.

Bigarren zutabea, ingurumenaren zaintza

Finka kokatua dagoen errekondoa, “Varillas erreka” alegia, Papaturro komunitatea urez hornitzen duen iturburua da. Azken urteotan, deforestazio edo nekazal praktika ezegokien eragina jasan duenez, baso-berritze eta ur-ekoizpen praktiken beharrean dago. Hori dela eta, errekondoko lur-zatian, bertako 120 arbola eta fruitu-arbola landatu ditugu. Gure ekoizpen praktikak eta bizimodua ahalik eta jasangarrien egingo dituen baliabideak erabili eta sortu nahi ditugu: ureztatze eraginkorra, eguzki-energia, zabor-sorkuntza gutxitzea, eta, ahal den neurrian, finkan bertan ekoizpenerako zikloak ixtea.

Hirugarren zutabea, lan-baldintza duinak

El Salvadorreko beste hainbat nekazal komunitatetan bezala, azken urteetako joera migrazioarena izan da. Batik bat, “amerikar ametsaren” atzetik doazen mutil gazteena. Hori ikusita, familian gertukoak ditugun gazteei lan-baldintza duinak eskaini dizkiegu, lan eta ikasketak bateratzeko aukera eta nekazaritzan lan egin ahal izateko. Une honetan, Txelen bi anaia gazte ari dira lanaldi erdira, eta auzoko neska gazte bat astean hirutan. Gazteentzako adina lana badago.

Laugarren zutabea, lurra lantzearen bideragarritasuna

Familiaren elikadura burujabetza ziurtatuta, soberakinak saltzen hasi ginen, erreferente izatera iritsi garen arte. Barazki eta frutarekin ekin bagenion ere, egun, bestelako produktuak ere eskaintzen ditugu. Gure ekoizpenak ematen digun lehengaiekin sortutako produktuak dira irinak, kontserbak, behi eta ahuntz gaztak, fruitu deshidratatuak, aurrez prestatutako jakiak...

Salmenta zuzena, helburu nagusia

Lana bikoizten badigu ere, hainbat abantaila eskaintzen digu erosleekin kontaktua edukitzeak; besteak beste, fideltasuna lortzeko. Igandero, gure salmenta puntu finkoa Suchitotoko plaza inguruan kokatzen da.

Proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko beste bi bide ireki ditugu. Batetik, nekazaritza organikoa eta familia nekazaritza sustatzen ari diren erakundeek kudeatutako bisitaldiei harrera egitea. Bestetik, Las Barillaseko sukaldea irekitzea izan da. Gure produktuekin egindako sukaldaritza esperimentala da,  % 100ean bertako sukaldaritza.

Autogestioa garatzeko une erabakiorra bizi dugu

Proiektua, gaur egunera arte autogestionatua izan da. Herrialdera iritsi nintzenetik gaur arte, biok irabazitako diru guztia bertan inbertitu dugu. Orain une erabakiorrera iritsi gara, gure lur sailaren ondoko lur zatia erostea eskaini digute. Erosketarako epe-muga zehatza dugu, gainera. Eskaintza ez onartzeak ekar dezakeen arriskuak asko arduratzen gaitu. Kontuan hartu behar baita El Papaturro nekazal eremuko lursailak salgai jartzen direnean gutxi batzuen esku geratzen direla. Eta, normalean, lursaila zaindu beharrean, ingurumenaren hondamena eragiten duten praktikak burutzen dituztela. Hots, deforestazioa, abeltzaintza estentsiboa, kutsadura…

Hori dela eta, elkartasun deia egiten diegu familia, lagun, ezagun, ezezagun eta aukera duen edonori. Etsia hartu aurretik, diru bilketa saiakera egin nahi dugu: epe-muga amaitu baino lehen –2024ko martxoa–, gure mezua ahalik eta jende gehiengoarengana helduko balitz, eta 20 euro pertsonako gehieneko ekarpena eginez, oso baliagarria izango litzateke guretzat.

Zuk ezin baduzu, lagundu mezu hau zabaltzen. Ekarpenaren ordain gisa, zer edo zer eskaini nahiko genizuke, nahiz eta distantziatik oso zaila izan. Hala ere, interesa duen guztiari gure proiektuaren berri emango genioke, sare sozialetan aipamena, eta antzekoak eginez. Eta, noski, inor El Salvadorrera etorriko balitz, gure etxeko ateak irekiko genizkioke, gure ekoizpenaren dastaketa egin dezan. Aldez aurretik eskerrak eman nahiko genizkizuke, besterik ez bada lerrook irakurtzeko hartutako lana eta denboragatik.

Ekarpena egiteko aukera honako hau da:

Noren izenean:
Nerea Izaguirre

Kontu zenbakia:
Laboral Kutxa
3035 0026 29 0261128697.

Kontzeptua:
Las Barillas donazioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!