Ainhoa Ozaeta Andoaingo presoa aske geratu da, gaurkoan

Aiurri 2024ko ots. 15a, 20:44
Argazkia: Etxerat

Etxeratek jakinarazi duenez, "Ainhoa Ozaeta Mendikute preso politiko andoaindarra aske gelditu da 16 urteko zigorra bete ostean. Reau sud Francilien-eko espetxetik atera berri da".

Ozaeta Gipuzkoako udalerriko alkateordea izan zen 1999-2003 legealdian, Euskal Herritarrok ordezkatuz.

Frantziako poliziak 2008ko maiatzean Bordelen atxilotu zuen. 2014an epaitu zuten, Igor Suberbiola eta Jon Salaberriarekin batera, eta 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAko kide izatea leporatu ostean.

Euskal Herritik ia 1.000 kilometrora egon da preso orain arte Reau sud Francilieneko espetxean; etxetik urrunenen zegoen presoa izan da azken urtetan, hain zuzen.

2021eko maiatzen, euskal presoaren aldeko ekimena egin zuten Goikoplazan; orduan, 13 urteren ostean kartzelatik irteteko garaia zela aldarrikatu zuten lagunek, senideek eta herritarrek.

 

846 km ikusentzunezkoa

Bere kasua gogoan hartuta, sakabanaketa politika salatzen duen 846 km izenburuko dokumentala estreinatu zuten iaz, Aiztondoko zazpi gaztek egindako ikus-entzunezkoa da, eta 2022ko abenduan Frantziako Reau presondegitik Martuteneko presondegira dauden 846 kilometroak bizikletan egin ostean osatu zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!