Martxoak8 2024

“Berdintasun Oihalak” martxa aldarrikatzailea eta kulturartekotasuneko afaria aurkeztu dituzte

Xabier Lasa 2024ko ots. 23a, 15:28

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, martxoaren 8an kulturartekotasunaren aldeko afaria, eta biharamunean “Berdintasun Oihalak” martxaren bigarren edizioa iragarri zituzten Plaza Morean egin zuten agerraldian, atzo. Bideoz ikusgai, agerraldia:

Andoainen bizi diren jatorri anitzeko emakumeen ordezkaritza zabala bildu zen Plaza Morean “Berdintasun Oihalak” ekimenak deituta.

Guztien izenean, Jone Larrañagak hartu zuen hitza, eta agerraldia egiteko aukeratutako tokiak baduela sinbologia azpimarratu zuen: “Andoaingo emakumeak irudikatzen dituen horma-irudi eder horren azpian bildu gara. Hor herriko hainbat emakume agertzen dira, eta gure agerraldiak ere egin nahi izan du”.

Emakumeen nazioarteko Egunaren harira antolatu diren ekitaldi frankoren artean, bi dira “Berdintasun Oihalak”en eskutik datozenak, eta horiek azaldu zituzten Plaza Morean.

Lola Boluda “Ongi Etorri” ekimeneko ordezkariak eman zituen martxoaren 8ko afariari lotutako xehetasunak. “Kulturartekotasunaren ideia zabaltzeko asmoz elkarte gastronomikoetan tarteka antolatu ohi dugun Suartean ekitaldi horietako batean piztu zitzaigun galdera, era naturalean: zergatik ez egin emakumeen afari multikulturala? Horrelaxe ekin genion afariaren antolakuntzari, eta dena prest dugularik, Andoaingo emakumeak gonbidatuta zaudete. Zumea plazan izango da, eta honako telefonora hots egin behar da izena emateko: 676567724”.

 

“Berdintasun Oihalak”, gobaragileak gogoratuz

Arrakastatsua izan zen iazko “Berdintasun Oihalak” martxa, jatorri anitzeko pertsonek Andoaingo kaleak gurutzatu zituztenekoa. Egun hartan “oihalak modu sinbolikoan eta fisikoan eramanez, emakumeen arteko harremanak saretzen ari garela irudikatu eta batuta indartsuagoak garela adierazi” zela gogorarazi zuen atzoko agerraldian Larrañagak.

Aurtengo edizioak kulturartekotasunaren aldarria egingo duela gehitu zuen Larrañagak, “pauso bat aurrera egin dugu Andoaingo emakumeek, irudikatu nahian herrian nolakoa behar duen izan kulturartekotasuna, nolakoa elkarbizitza, nolakoa berdintasuna eta nolakoa berdintasunaren aldeko borroka. Izan ere, emakumeok, denok bat eginez gero, indar handiagoa eduki ohi dugu helburu hori lortzeko”.

Kale martxa martxoaren 9an ospatuko da, esan bezala. San Juan Bataiatzaile zahar egoitzatik abiatuko da, eguerdiko 12:00etan, eta Bekoplazan amaituko da ekitaldi berezi-berezi baten eskutik. “Bertan kokatu izan ziren garbitokietara etxeko arropak garbitzera hurbiltzen ziren emakume gobaragileek hartuko dute protagonismoa”, aurreratu zuen Larrañagak. Bertan, emakume haien memoria eta lan duinaren aldarrikapena xede izango dituen ikuskizuna egingo da.

Plaza Morean egin zuten agerraldian esan zutenez, ezusteez beteriko ekitaldia izango da Bekoplazan egingo dena, eta hurrengo egunetan joango dira zehazten zeintzuk diren bere ezaugarriak.

 

Palestinako ermakumeen aldeko mezua

Aurkezpenaren amaieran, jatorriz mauritaniarra den Salka Jabbarik elkartasuna eta animoak helerazi dizkie Palestinan eta Gazan etengabeko bonbardaketak jasaten ari diren emakume guztiei. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!