Orain bi urte ere, Andoainen bizi ziren Tecber Brahim eta Chaia Bay sahararrek eta Hurria-Sahara elkarteko kideek Sahararen bandera zintzilikatu zuten udaletxeko balkoian (bideoa ikusgai).
Orduan bi sahararrek adierazi zutenez, sinbologiaz beteriko bandera da Saharakoa. “Esanahi propioa dauka kolore bakoitzak. Beltzak, Saharako herriak eta herritarrek azken hamarkadetan bizi duten zapalkuntza adierazten du; zuriak, askatasunaren itxaropena; berdeak, lur askea; eta azkenik, gorriak, askatasunaren alde hildako martirrak gogoan hartzen ditu”.
Koloreen posizioak ere ba omen dauka bere esanahia. “Egun, kolore beltza da goian ikusten dena. Nolanahi ere, behin behinekoa da egoera hori; Sahara askatzen dugun egunean, goikoz behera jarriko dugu, eta aurrerantzean horrelaxe haizatuko dugu”.
Sahara herriaren aldeko mozioa
Euskal Herriko hainbat udaletan Sahara herriaren aldeko mozioa aurkezten ari dira. Dagoeneko zenbait udaletan onartu da; esate baterako, Lasarte-Orian otsailaren 8an, EH Bildu, EAJ-PNV, Elkarrekin Podemos eta PP alderdien botoekin, eta PSE-EEren aurkako botoekin.
Hona zer dioen alderdiek otsailaren 29ko udalbatzan eztabaidatuko duten mozioak (pdf-n, hemen):
“Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (RASD) 48. urteurreneko adierazpen instituzionalerako proposamena:
Egun gutxi barru, Saharar Herriak Saharako Estatuaren (SEAD) sorreraren berrogeita zortzigarren urteurrena ospatuko du, askapenerako eta erabateko subiranotasunerako bere sorreraren eta eraikuntzaren faseak arrakastaz gainditu ondoren.
Berrogeita zortzi urte hauetan, Saharar Herriak nortasun nazional propioa sendotzea lortu du sakrifizioei eta batasun nazionalari esker. Saharar guztiak harro sentitu behar dira bere erakunde nazionalen funtzionamenduaz, exiloaren baldintza gogorrak eta baliabiderik eza gorabehera.
Saharar Herria inoiz baino lotuago dago autodeterminaziorako eta independentziarako dituen eskubide legitimoei, eta Marokoren aurkako borrokarekin jarraituko du, potentzia okupatzailea baita, Mendebaldeko Saharako errepresioaren eta baliabide naturalen espoliazioaren arduraduna.
Europar Batasunaren eta Marokoren arteko akordioari dagokionez, Luxenburgon egoitza duen Europako Justizia Auzitegiaren epaiak albiste eta funtsezko aurrerapen gisa hartu zirela egiaztatu da; izan ere, epai horien arabera, "Marokoko Erresumak Mendebaldeko Sahararen gainean duen subiranotasuna ez dute onartzen ez Europar Batasunak, ez haren estatu kideek, ezta, oro har, NBEk ere". Horregatik, beharrezkoa da Espainiak eta Europar Batasunak Fronte Polisarioarekin negoziatzen hastea, merkataritza- eta ekonomia-harreman egokiak ezartzeko.
Horregatik guztiagatik,
Berriz ere adierazi nahi dugu ez gaudela ados Espainiako Gobernuko presidenteak Mendebaldeko Saharari buruz egindako erabateko aldaketa historikoarekin.
ESKATZEN DIEGU Nazio Batuei, lehenbailehen, gatazka honen konponbide justu eta behin betikoa sustatzeko, Saharako Herriaren autodeterminazio-eskubidea gauzatu behar baita amaitu gabeko deskolonizazio-prozesua amaitzeko, erreferendum aske eta gardena eginez.
BERRESTEN dugu Fronte Polisarioa Saharar Herriaren ordezkari bakarra eta legitimoa dela,
EXIJITZEN diogu Marokori preso politiko eta kontzientzia saharar guztiak berehala aska ditzala, eta bertan behera utz ditzala bere espetxeetako eta Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako giza eskubideen urraketak.
ESKATZEN DUGU Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioak (MINURSO) bere eginkizunak zabaltzea Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako giza eskubideen kontrola eta jarraipena egin dezan.
ESKATZEN DIOGU Espainiako Gobernuari estatus diplomatikoa eman diezaiola Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkaritzari, Saharar Herriaren ordezkari bakarra eta legitimoa den aldetik; eta Nazio Batuen Mendebaldeko Sahararako Bake Plana betez, konponbide justu eta behin betikoa lortzeko behar diren ekimen politikoak sustatzea.
SALATZEN DUGU Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak espoliatzen dituela.
ESKATZEN DIEGU Mendebaldeko Saharan jarduten duten enpresei errespeta dezatela baliabide naturalen gaineko subiranotasun iraunkorreko eskubidea eta lurralde okupatu bateko baliabide naturalen ustiapenari aplika dakizkiokeen nazioarteko zuzenbide humanitarioko arauak.
GOGORATZEN DUGU Marokok ez duela inola ere Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasunik, eta Europar Batasunak ezin duela akordiorik sinatu Marokorekin Fronte Polisarioaren baimenik gabe. Gainera, EB behartuta dago printzipio horren eta arau horien urraketatik ondorioztatzen den legez kontrako egoera oro salatzera.
IRAGARTZEN DUGU SEADen aldarrikapenaren 48. urteurrena dela eta, euskal erakunde eta entitateetako ordezkariak Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetara joango direla Saharar Herriaren bidezko borrokarekiko konpromisoa berritzeko.
Onartutako adierazpenak helbide hauetara bidaltzea proposatzen dizuegu:
a) Espainiako Errege Etxea. Zarzuela jauregia. Pardo errepidea z.g. 28.071. Madril.
b) Espainiako Gobernuko Lehendakaritza. Moncloa. Avda. Puerta de Hierro, z/z. 28.071. Madril.
c) Kanpo Arazoetako Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioa. Plaza del Marqués Salamanca, 8. 28.006 Masdril.
d) Europako Batzordea. Josep Borrel Fontelles Alto Representante de la Union para Asuntos Exteriores y Política de Seguridad Rue de la Loi. Wetstraat 170. B-1049 Bruxelles/Brussel. Belgique.