Euskal doinu tradizionalak, erritmo latinoak eta jazza bi disko dantzagarrietan bilduta

Xabier Lasa 2024ko ots. 27a, 15:04

Imanol Iribarren musikari andoaindarrak eta Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak disko bikoitza aurkeztu dute, “Irigoienetik Plazara” izenburuarekin. Euskal doinu tradizionalen, erritmo latinoen eta jazzaren nahasketari eutsiz, abesti dantzagarriak sortu dituzte, “dantzagarriak dira, jendea plazan dantzan jartzeko egokiak”, Iribarrenen hitzetan. Aurkezpen ekitaldia eta bi abestien bertsio akustikoa, bideo banatan ikusgai (behean):

“Irigoienetik Plazara” disko bikoitza Koldo Mitxelena Kulturuneak Donostiako Alde Zaharrean duen Santa Teresa Komentuko Ekitaldi Aretoan aurkeztu zuten, joan den ostiralean.

Bertan izan ziren Imanol Iribarren (pianoa, tronboia perkusioa eta ahotsa), Peio Irigoien (txistua, silbotea, tronpeta eta ahotsa), Harkaitz Bastarrika (baxu elektrikoa eta ahotsa), eta Nahia Valle (ahotsa). Aurkezpenean, bi abestien (“Izarren hautsa” eta “Ez da ez”) bertsio akustikoak zuzenean interpretatu zituzten.

Nahiz eta diskoen grabazioan Nahia Valle abeslari hernaniarrak ez duen parte hartu, honetaz aurrera bera izango da zuzeneko kontzertuetan ahotsa. “Diskoak era guztietako abestiak dauzka, eta todoterreno bat behar dugu plazetan denak interpreta ditzan”, aitortu zuen Iribarrenek.

 

“Irigoienetik”, txistuaren hotsa

Euskal musika tradizionala erritmo latino eta jazz armonikoekin uztartu du Iribarrenek gidatzen duen taldeak hasieratik, eta estilo horri jarraiki, oraingoan, bi disko ondu ditu.

Lehenbizikoak, “Irigoienetik” du izenburua, eta txistuaren hotsa du oinarrian. Iribarrenek disko horren sormen prozesua izan zuen mintzagai, aurkezpenaren hasieran, eta hitz jokoak erabili zituen horretarako: “Iribarrenetik hartu zuen izenburutzat gure lehenbiziko diskoak. Nire barrenetik irtendakoa izan zen; herrian sortua eta hirian landua, alegia. Euskal musika tradizionala eta erritmo latinoak uztartu genituen, haizezko instrumentuak-eta erabiliz horretarako. Disko hartan txistuak ere hartu zuen parte, eta zuzeneko emanaldietan, gero eta garrantzi handiagoa hasi zen hartzen, Euskal Herriko txistularirik iaioenetakoa den Peiorekin (Irigoien). Halako batean, Peiori agindu nion txistuak hartuko zuela protagonismoa hurrengo diskoan, eta hementxe daukagu emaitza”.

Txistulari bakarlariaren abizenetik dator diskoaren izenburua, beraz.

Irigoienek berak egin zuen lehenbiziko disko horren deskripzioa, “jatorrizko euskal kantutegia eta txistua nahiz silbotea abiapuntutzat hartuta, gaur egungo erritmo eta armonietara egokitzen saiatu gara, berritzailea izan da ahalegina”.

Hain zuzen, honakoak dira erritmo bizietara moldatu dituzten euskal sustraiko doinuak: “Banakoa”, “Soka Dantza”, “Eperrak”, Malko Beltzak” eta “Ze politak dira”.

 

Ahots ezagunez beteriko bigarren diskoa

Euskal musikaren panoraman aski ospea duten abeslariek parte hartu dute “Plazara” izenburuko bigarrengo diskoan. Hona zeintzuk diren: Thierry Biscary (“Izarren hautsa”), Ines Osinaga (”Ez da ez”), Xabi Solano (“L´Estaca”), Ixiar Jauregi (“Lili eder bat”), Frank Delgado (“Nere etxea”), Harkaitz Bastarrika (“Triste bizi naiz eta”), eta, Asier Gozategi (“Baratzeko pikuak”).

Hain zuzen, “Baratzeko pikuak” abestiaren bideoklipa iazko abenduan zabaldu zuen taldeak, diskoaren aurrerapen gisa.

Iribarrenek adierazi zuenez, Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak, sortu zenetik instrumentuak zutabe izan baditu ere aurrerapausotzat jo behar da disko honek dakarren proposamena. “Instrumentuei garrantzia eman arren, beti eduki izan dugu gogoan ahotsa sartzea. Gure identitateari uko egin gabe, eboluzionatu egin dugula esango nuke”.

Nahiko lan erraza gertatu zaiola diskora erakartzea hainbat abeslari, adierazi zuen Iribarrenek. “Instrumentu-jole gisa kolaboratu izan dut horiekin, eta oraingoan, gurera etortzeko gonbidatuta, gogo biziz prestatu dira”.

Iribarrenek aitortu zuenez Donostian, Kubako erritmoek gero eta eragin handiagoa dute bere sormen prozesuan. “Iaz Kuban hilabete luzea igaro nuen, hango musikariek zer eta nola jotzen zuten ikusten eta ikasten. Eta handik itzuli, eta inguruko musikariek agudo ohartararazi zidaten aldatuta itzuli nintzela eta nire musikan islatzen ari zela aldaketa hori”.

 

Musika dantzagarria, plazetarako

Batik bat bigarren diskoa “oso dantzagarria” dela zehaztu zuen Iribarrenek aurkezpen ekitaldian. “Antzokietan jo dugu gehienbat orain arte. Baina jauzia eman nahi dugu aurrerantzean, Euskal Herriko plazak har ditzaten gure abestiek. Abesti dantzagarriak egin ditugu eta ziur gaude lortuko dugula dantzan jartzea udaberri eta udan plazara gu entzutera hurbiltzen diren musika zaleak”.

Oraindik orain, Kuban urtero ospatzen den Jazz Plaza festibal ospetsuan jo du Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak. Han diskoa aurkeztu zuen zuzenean lehenbiziko aldiz, eta taldeko kideak oso asebeteta itzuli direla aitortu zuen Iribarrenek. “Nolabaiteko errezeloekin joan ginen, ez ote ziguten harrera ona egingo, ez ote zen pretenziotsuegia izango gure asmoa, euskaldunak Kuban erritmo latinoak jotzen hastea, alegia. Ba egia esan, azkenean, oso pozik geratu ginen egindako txangoagatik!”.

Donostian egindako aurkezpena Anitz Musika Elkarteak antolatu zuen. Gipuzkoako talde eta musikariei laguntza, sustapen, aholkularitza eta beharrezko kudeaketak errazteko 2005ean sortu zen elkartea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!