KORRIKA

“Parte-hartze masiboa izatea espero dugu”

Alba Cabrera Jauregi 2024ko mar. 22a, 08:29

Aranburu eta de Castro, Andoaingo euskaltegian.

Martxoaren 23an igaroko da KORRIKA. Prest dira, jada, herritarrak eta egun osoko egitaraua antolatu dute, lasterketari ongi-etorri beroa emateko. Andoaingo AEKko kide dira Joxemi Aranburu eta Diana de Castro.

Abian da KORRIKA, Euskal Herriko zirrikituetan barrena. Hala, beren txanda noiz iritsiko zain, zirraraz beteta daude andoaindarrak, baita herriko euskaltegia ere. Bertako zuzendaria da Diana de Castro Gomez, eta irakasle lanetan dabil aspalditik Joxemi Aranburu Izeta.

Ibilbidea ez litzateke posible izango tokian tokian egiten den lanagatik ez balitz. Zer moduz joan dira zuenean prestaketa-lanak?

J.A.I.: AEK gainditu egiten du KORRIKAk. Orduan, KORRIKA ez litzateke posible izango beste herritar batzuk antolaketan sartuko ez balira. Ardura gurea da, batez ere, jakina, baina ez ginateke guztira iritsiko. Andoainera etorrita, nik uste dut Korrika Batzorde polita lortu dugula, beharbada, azken urteetako jendetsuenetako bat. Zortzi bat lagun bildu gara, nahiko modu iraunkorrean.

D.C.G.: Bestalde, Tolosaldeko herri guztiak koordinatzen ditugu guk. Hori dugu erronka nagusietako bat.

J.A.I.: Bai, kontua da Tolosan ez dagoela AEKrik. Ondorioz, Andoaingo AEK da Tolosaldeko erreferentzia nagusia. Eskualdera joan ohi gara klaseak ematera, eta, KORRIKAren kasuan, gu geu arduratzen gara koordinazioaz.

Dena dela, herriak ondo erantzun dio lasterketa erraldoiak botatako erronkari.

J.A.I.: Oso ondo, bai! Gutxi gorabehera, Andoainen, 42 eragilek hartuko dute parte, 32 lekuko-aldaketa hartzen dituen ibilbidean. Horietako batzuk kilometro partekatuak dira. Gaur gaurkoz, baten bat oraindik etorriko zaigu, ziurrenik, kilometroa erosi nahi duela-eta esanez…!

D.C.G.: Parte-hartzeari dagokionez, denetarik dugu, herri eragileetatik hasi, ikastetxeetatik igaro eta erakundeetara zein lantegietara bitarte.

Larunbatean eta egun argiz igaroko da KORRIKA Andoaindik. Aldeko baldintzak, jendeak parte har dezan?

J.A.I.: Eguraldiak lagunduz gero, masiboa izatea espero dugu, bai.

Horren aitzakiapean, egun osoko festa antolatu duzue.

D.C.G.: Goizean, erraldoiak izango ditugu, eta, ondoren, Dj Track egongo da, bazkaldu aurretik. Jarraian, arratsaldeko lehen orduan, 16:00ak aldera sartuko da KORRIKA Andoainera Adunatik. Behin lasterketa igarota, arratsaldeko 17:00etan, Malkogarriyak taldearen kontzertua egongo da. Iluntzean, Batzokiko kantu-afariak emango dio amaiera egunari. Aurreko egunetan ere, martxoaren 21ean peto-potea izango da, eragileei peto zenbakituak banatzeko, eta, pixka bat, herria girotzeko. Ostiralean, berriz, KORRIKA txikia eta gaztea izango ditugu.

Aurtengo edizioak bat egin du, aurten, Andoainen, bizi izan duzuen ikasleen gorakadarekin. Zenbat gela dituzue ikasturte honetan?

D.C.G.: Ikasleei dagokionez, 2021, 202, 2023an nahiko antzeko ibili ginen. Iaz, 170 ikasleren bueltan ibili ginen. Momentu honetan, berriz, 243 ikasle ditugu, Andoain eta Tolosaldea kontuan hartuta. Talde-kopuruari dagokionez, iaz, Andoainen, soilik, hamar talde genituen, eta, orain, hamabost. Bestalde, Tolosaldean, bost taldetik bederatzira egin dugu jauzi. Gorakada oso handia izan dugu, eta espazioaren antolaketan buruhausteak ekarri dizkigu, ez baikara euskaltegian bertan kabitzen. Albiste zoragarria da, nahiz eta horren gaineko kudeaketa apur bat kostatu. Langile-kopuruari erreparatuta, lau irakasle gehiago ditugu. Bat Irungo ikasgutik etorri zaigu eta beste hiru kontratatu egin ditugu. Guztira, hamabost kidek egiten dugu lan hemen, gaur egun.

Honek horrela jarraitu behar badu, ikasleak non sartu pentsatu beharko dugu... Ezin kabitu gabiltza!

Zein joera ari da indartzen? Euskaraz ikasten hasi direnena, tituluaren bila datozenena ala orokorra da igoera?

D.C.G.: Guztira, AISA ikastoroko bospasei talde ditugu. Bide beretik, lehen aldiz, aurrez aurreko C2 mailako taldea atera dugu aurten. C1eko talde berriak ere baditugu, HABEk martxan diru-laguntza lerro berri bat jarri duelako martxan, 16-18 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa, 20 euroren truke, azterketa presta dezaten. Horrek eragin du ikastetxeetan ere talde berriak sortzea. Hasiberrien kasuan, asko zentratu zaigu AISA taldeetan, eta, beharbada, horri erreparatuko diogu, datorren ikasturtean, AISA moduluez harago, A0, A1 mailak potolotze aldera.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 645 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!