Santakrutz Jai Batzordea duela hilabete batzuk hasi zen prestaketa-lanetan. Auzoko jaiak diren arren, herriko festa gisa sentitzen dute askok eta, beraz, lan handiko egunak izan ohi dira antolatzaileentzat. Apirilaren 30an hasiko dira festak, asteartearekin, eta maiatzaren 5ean amaituko dira. Hamarnaka ekintzez osatutako jaiak izango dira, haur, gazte eta helduentzat. Andoaindarrek ez dute aspertzeko astirik izango.
Urtero lez, zenbait ekintza ziurtatuta daude, besteak beste, Zumeatarra, Irunberri eta PeÒa Santa Krutz elkarteen danborradak, sagardo txapelketa, auzo bazkaria eta bakailao txapelketa, beste batzuen artean. Egitaraua argitaratzeke dagoen arren, badira aurretiaz aipagarriak diren ekitaldiak.
Kuadrillen Eguna
Seguruaski, jaietan ikusmira handiena sortzen duena Kuadrilla Eguna izango da. Antolaketa-taldeak esandakoaren arabera, maiatzaren 2an ospatuko da (osteguna). Iragarpen batzuk egin dituzte, urtero bezala, goizean, jokoak egitea aurreikusten da, txarangaren laguntzarekin. Eguerdian bazkaria, ohi bezala, musikak lagunduta. Sorpresa bat ere iragarri dute. Arratsaldean, kuadrillen arteko kalejira eta, gauean, Kaparrak taldearen kontzertua eta DJ Naza.
Hamaika ekitaldi
Urtero bezala, ez dira faltako bakailao jatea, auzo bazkaria, txaranga, kontzertuak eta sagardo txapelketa, beste askoren artean. Jai Batzordeak adierazitakoaren arabera, egitarau oparoa osatu dute, adin tarte guztientzako. Ez dute aspertzeko denborarik izango.
Inklusibitatea ardatz
Jai Batzordeak suzirien erabilera nabarmen murriztuko du. Ez hori bakarrik, egitarauan zehaztuta egongo dira zein egunetan, ordutan eta ekitalditan botako diren. Gainera, soinurik eta argirik gabeko bi egun egingo dira barraketan; bereziki, soinuak eta argiak ezinegona, deserosotasuna edota mina eragiten direnei zuzendua. Apirilaren 28an eta maiatzaren 3an eskainiko da aukera hori, arratsaldeko 17:00etatik 19:00ak bitarte.