Frankismoak Andoainen zapaldutako herritarrak gogoan hartu dituzte

Xabier Lasa 2024ko api. 13a, 22:11

1936an fusilatu eta desagerraraziei lore eskaintza egin zaie eta frankismoko biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute, Oroituz elkarteak antolatutako ekitaldian, Alfaro parkean. Banda Errepublikanoak doinu antifrankistez osatutako kantutegia eskaini du, Sebastopol dantza taldearekin batera; “Justizia denontzat” abestiari ekin aurretik, Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatu dute. Argazki-sorta eta hainbat bideo, ikusgai:

Maizorriko Juan Godoi, Jon Urtasun eta Ekaitz Ollo txalapartariek, lore eskaintzak, Xabier Olazabal akordeoi-joleak eta Urkiko Naroa Asensio dantzariak, Punttukako bertso eskolako kide Beñat Belokik eta Oroituz elkarteko Lurdes Arteagak osatu dute ekitaldiaren lehen partea. 

Hona Belokik abestu dituen bi bertsoak:

Apirila iritsita

berriz ere elkarrekin

oroituaz Andoainen

gerran hil zirenekin.

Horman dauzkagu izenak

bustirik odolarekin.

Hauek sufritu zutena

ezin azaldu hitzekin.

Aztuta utzi zituzten

horren odol hotzarekin.

Oroituz gogoratzen da

hemen eraildakoekin.

Errepublika nahi zuten

euren indar guztiekin

jarrai dezagun aurrera

borroka berdinarekin.

 

Oraindik ere gai hori

present dago gizartean.

Makina bat gudu daude

munduko ertza bakoitzean.

Palestinara keinu bat

zauzkagu oroimenean.

Txikia da beti txiki

handienaren aurrean.

Errepublika nahi dugu

zentzurik zabalenean,

etorkizuna finkatuz

modu eraginkorrean,

inortxo mantendu gabe

herriaren izenean,

falta direnak gogoan

bizi askatasunean.

 

Memoria antifrankista biziberritzen segitzeko premia

Arteagak egin duen mintzaldian, besteak beste gogorarazi du Franco hil osteko trantsizioak alfonbra gorria ipini ziela kolpe militarra bultzatu eta diktadura sustatu zuen elite pribilegiatuari (militarrak, politikoak, epaileak...), eta horiek, gauetik goizera, demokrataren etiketa eskuratu ahal izan zutela, aurretik eduki zituzten pribilegio askori eutsiz. Eta kontrara, frankismoko biktimei ukatu egin zaiela hamarkadetan nazioartean onetsitako printzipioa, alegia "egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea". 

Hamarkadetan demokrazian ez dela printzipio hori bete eta biktima asko eta asko inongo aitormen ofizialik jaso gabe joan direla salatu du. Eta jarraitu zuen esanez Madrilgo Kongresuan 2022an onartutako memoria historikoaren legeak ez duela printzipio hori betetzen, nahiz eta aurrerapauso txikia izan, kontuan hartuz gero aurreko hamarkadetako memoriako politika ofizialak oso kaskarrak izan direla.

Aldi berean, aitortu du azken aldian frankismoaren oinordeko den eskuina ez dela oso eroso sentitzen 2022ko legearekin, eta azken aldian zenbait instituzioetan (Gaztela-Leon, Aragoi, Valentzia...) kontraofentsibari ekin diola, "Konkordiaren" aldeko memoriak indarrean jarriz, eta besteak beste, ukatuz frankismoa diktadura izan zenik.

Urtero Andoainen memoria antifrankistaren alde egiten den omenaldia eta gainerako mota guztietako ekitaldiak sekula baino beharrezkoagoak direla gehitu du Arteagak. "Izan ere, faxismoa borrokatu zuten errepublikanoen eta abertzaleen memoria ahazten dugun egunean, geure memoria ahaztuko dugu". 

Bi bisita gidatu eta liburua

Arteagak, mintzaldian, Oroituz elkarteak hurrengo astetarako antolatu dituen zenbait ekitaldien berri eman du. 

Bi bisita gidatu izango dira; bata herrian barrena, Goikoplazan hasi eta Alfaro Parkeko eskulturan amaituz; bidean, hainbat andoaindarren biografia txikiak eta zenbait eraikinekin lotutako istorioak kontatuko dituzte. 

Bigarren bisita, Buruntza mendian zeharkaldia izango da.

Hain zuzen, mendi txango horrekin lotuta, "Jainkoagatik eta Espainiagatik eroritakoen Buruntzako gurutze frankista" izenburua daraman liburua (berez bi liburu, euskaraz eta gaztelaniaz) argitaratuko dute.     

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!