Zumea plazan irakurri duten adierazpena
"Festak bertan ditugu eta hainbat eragileon artean hilabeteak daramatzagu txoznagunean erasoen aurrean esku-hartzeko protokoloa birpentsatu eta lantzen. Aurreko urtean, mugimendu feministak eraman zuen aurrera txoznaguneko protokoloaren ardura eta lanketa. Aurten, ordea, pausu bat aurrera egin eta jaiak antolatzen gabiltzan eragile desberdinekin elkarlanean aritu gara; jai batzordea, txozna batzordea eta mugimendu feminista. Garrantzi berezia du mahai hau osatzeak, besteak beste, ardura eta kontzientzia hedatu eta erasoen aurrean dugun erantzukizuna jaien bueltan gabiltzan guztiok hartzea ezinbestekoa baita.
Denbora eman dugu lanean, hausnarketetan, formakuntza-saio zein eztabaidetan, guztion artean elkarlanean... Eta gaur, hemen, jai hau antolatzen ibili garen eragile zein norbanakook, aurkezten dugu herrira protokoloa.
Erasoak ez dira jarrera isolatuak, sistema zisheteropatriarkal eta kolonialean bizi eta harremantzen garen momentutik, ekintza hauek estrukturalak dira eta norberaren ardura da jarrera horiek ez erreproduzitzea. Beraz, aurten ere, erasoen aurrean antolaturik gaudela garbi utzi nahi dugu.
Egun bakoitzeko protokolo arduradunak egongo dira txoznagunean eta erasoren bat jasan, ikusi edota testigu izaten bazara, txoznako barrara hurbildu eta beraiengana bideratuko zaituzte. Gainera, aipatu beharra daukagu, kuadrila egunean zehar, bertako antolatzaileak izango direla protokolo arduradunak, beraz, egunean zehar ere, beraiengana jo daiteke eraso baten aurrean.
Protokoloa sortu, landu eta jaietan antolatu beharraz nazkatuta gaude. Protokoloa erasotzaileak daudelako egiten baita; gure inguruan, koadrilan… beraz, hartu ardura. Guztiok gara jai giro osasuntsu, seguru, eroso eta askeak sortzearen erantzule, beraz, ez izan konplize eta ez badakizu egoten, ez etorri.
Ez jaietan ez inoiz, ez dugu jarrera matxista, sexista, homofobo, transfobo, bifobo, arrazista ezta bestelako eraso motarik onartuko. Autodefentsa transfeministaz armatuta gaudela aldarrikatu nahi dugu, antolatuta gaudela eta ez garela isilduko. Elkar-zaintza erdigunean, gozamena eta gune erosoak eraikitzen jarraituko dugu, jai askeak nahi ditugulako denontzat.
Aurtengo festetan ere, hartu ardura eta zaindu jarrerak!".