Santa Krutz jaietako eremu esanguratsuetakoa da Bekoplaza. Zehazki, bertan jarritako txosnagunea. Azken urteotan, gainera, txosnen eta taula-gainaren artean karpa edo olanapea egokitu dute. Euritik eta haizetik babestutako tokia da, eta eguraldiak hala baldintzatuta izan denean, txakolin dastaketa bertan egin izan da. Txosna batzordeak, aurten, gune horretan eskaintza berria abiaraziko du: afaltzeko tartea eskainiko die festazaleei. Kuadrillan nahiz familia giroan afaltzeko aukera izango da, beraz, aurtengo jaietan.
Pizzak eta kroketak jateko aukera izango da apirilaren 30ean eta maiatzaren 2an, 3an eta 4an. 20:00tan otorduak eskaintzen hasiko dira, gauerdira bitarte. Zer esanik ez, bertan afaltzeko mahaiak eta aulkiak izango dira. Lehen aldia denez, formula berriaren egokitasuna neurtzeko aukera aproposa izango da.