Iragan urteko lanari jarraipena ematea kosta al zaizue?
Talde polita osatu genuen iaz, eta gustora lan egin genuen. Aurtengoan, lan horri jarraipena ematea suertatu zaigu, baina lehengo urtean baino ardura handiagoa hartu behar izan dugu. Taldekide guztiok hartu dugun konpromisoa handiagoa izan da. Ondo antolatu garela uste dugu, bilerak denborarekin egin ditugu, ia astero, eta lan-banaketa efizienteki kudeatu dugu. Hasieratik, Kuadrilla Egunari buelta bat eman nahi izan diogu, ohikotasunetik irten eta beste modu batera antolatzeko.
Kuadrilla Eguneko lan-taldea gogotsu al dago?
Bai, herrikide asko bezala. Gure artean, behintzat, nabari da Santakrutzak gainean ditugula. Neurri berean, urduritasun apur bat ere sumatzen dugu, batez ere, Kuadrilla Egunerako, guztia modu egokian irtetea nahi baitugu. Gure artean emozio ezberdinak suma daitezke.
Zailtasunak eduki dituzue aurtengo Kuadrillen Eguna antolatzerako orduan?
Bai, jakina. Antolaketa-lanetan hasten zaren momentuan ohartzen zara ez dela horren erraza egun osoko egitarau bat osatzea. Hala ere, lehen esan bezala, gure helburua Kuadrilla Egunari buelta bat ematea izan da, eta, hasiera batean, fantasiazkoak ziruditen ideia batzuk errealitate bilakatu ditugu. Beraz, zailtasun guztien gainetik oso pozik gaude.
Egun gutxiren faltan, azken uneko prestaketa-lanetan al zabiltzate?
Bai. Azken orduko deiak osatzen eta zalantzak argitzen ari gara. Horrez gain, egunerako beharrezkoa den materiala biltzen eta mugitzen gabiltza. Esanak esan, oro har, guztia prest dago, itxita.
Kuadrilla Egunetik zer nabarmenduko zenukete?
Oso pozgarria da ikustea Andoaingo gazteak nola biltzen diren mahaiaren edo jokoen bueltan, guztiak elkarrekin eta giro ezin hobean. Antolatzaileok harrituta geratzen gara, esaterako, bazkarian zenbat gazte elkartzen diren; gainera, hainbat kuadrilla jolasetan parte hartzen ikustea oso pozgarria iruditzen zaigu. Kolore festa ederra sortzen da. Esandako guztiaz gain, aurten, lehen aldiz antolatu dugun sorpresatxoa nabarmendu nahiko genuke. Eta eguna amaitzeko, Kaparrak musika taldeaz gozatzeko aukera edukiko dute andoaindarrek. Ikusiko duzue!