Joxe Ramon Ansa ez daukate ahaztuta, bere hilketaren 45. urteurrenean

Aiurri 2024ko api. 30a, 12:37

Bere senitartekoek eta adiskideek Upategi baserriko semea gogoan hartuko dute Santa Krutzeko espigoian, bihar, maiatzaren 1ean, asteazkenarekin, 12:30etik aurrera egingo duten ekitaldian. Iazko omenaldiko irudiak eta bideoa, ikusgai, hemen.

Bestalde, maiatzaren 6an, astelehenarekin, hilik topatu zuten Xoxokako errepide bazterrean lore eskaintza egingo dute, oroigarriaren aurrean.

Joxe Ramon Ansa Etxeberria gaztea Triple A talde parapolizialak 1979ko Santa Krutz jaietan erail zuen, Xoxokako bidean. Aurreko urteetan ultraeskuindarrek Buruntzaldeko herrietan hainbat atentatu eginak zituzten (hilketa bat, auto erreketak, mehatxuak, elkarte gastronomikoei tiroketak...). Horien artean, nabarmentzekoa da David Salbador Hernaniko taxi-gidariaren hilketa, Andoainen, 1977ko urrian.

Ansarena bigarrena izan zen. Ondorengo bi urtean beste sei erailketa egin zituzten “heriotzaren hirukia” deitu zitzaion Andoain-Urnieta-Hernani-Astigarraga eremuan. Tartean beste andoaindar bat, Javier Ansa Zinkunegi, Antzizu baserrikoa (Leizotz auzoa).

70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hasieran, estatuko aparatuekin harremanak zituzten, edo behintzat haien oniritzia bazuten talde armatu franko aritu zen Euskal Herri osoan:Triple A, Batallon Vasco Español, Guerrilleros de Cristo Rey, etab. Andoain bereziki kolpatu zuten, herritarrengan gauetan kalera ateratzeko beldurra nagusitzeraino.

Ondoren, 1983an, GALek haien guztien lekukoa hartu zuen, estatu terrorismoari dagokionez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!