“Ez gaude ahaztuta” aldarrikatu dute Joxe Ramon Ansaren hilketaren 45. urteurrenean

Xabier Lasa 2024ko mai. 1a, 18:06

1979ko Santa Krutz jaietan talde parapolizialek hil zuten Joxe Ramon Ansa Etxeberria gogoan hartu dute senideek eta adiskideek, “Ez gaude ahaztuta” lelopean, Espigoian eguardian egin duten ekitaldian. Omenaldi-ekitaldia, argazkietan eta bideoz, ikusgai: 

Ansa gaztearen irudia Zehar eskulturan zintzilikatu dute, eta haren aurrean, ohorezko agurra egin dute Aran Mujika biolin-joleak eta Ander Egaña dantzariak, eta ondoren etorri da lore eskaintza ere.

Bildutakoek, iraganean talde parapolizialek Buruntzaldeko herrietan zabaldu zuten izu-kanpainaren baitan kokatu dute bere erailketa, eta Joxe Ramon Ansaren adiskide batek gaztetako lagun-giroko pasadizoa kontatzen duen idatzia irakurri du.

Halaber, hilketaren 40. urteurrena gogoratzeko, 2019ko maiatzean, Xoxoka bideko oroitarriaren aurrean egin zen omenaldian Aitor Mendiluze eta Jokin Sorozabal bertsolariek sortu zituzten bertsoak abestu dituzte bertaratu direnek.

 

Adiskide baten idatzi hunkigarria

“EZ GAUDE AHAZTUTA

Bi ibai hauen elkargunean, atzo izandako amets baten berri eman nahi nikek.

Bertan, mutil koadrila bat azaltzen dek ikastolatik plazarantz eskolak bukatu eta gero. Poltsikotik pilota bat atera eta hor hasten dituk jolasean udaletxe azpiko frontisean, txokotan aurrena eta binaka ondoren.

Garaile suertatu direnak bentajarekin jokatu dutela ere esan dik norbaitek, tranpa zela alegia. Haietako batek, oso mutil sendo eta indartsuak, sekulako zartakoak ematen bait zizkiok pilotari eta aurkariek nekez bueltatzen ditek txapa gainera. Frontisera justu iristen diren erresto urriak, berriz, aurrelari plako eta zital samarrak txokoan edo bi pareta jota bukatzen dizkik.

Hala, pozik, Upategiko sagar banari hortzak sartuz agurtu ditek elkar bi pilotazaleak.

Etxera bidean, Zubiaurrera iristerako sagar puskatxo bat baino ez zaidak geratzen. Eta ibai bidegurutze honetan ez dizkiat San Mameseko katedrala edo gabarra ikusten, baizik eta plazako kontsejupea eta Bentta Berriko astoa karroarekin ermitako zubia zeharkatzen.

Baina, ze ondo pasatzen genian?

Sagarraren txustarra eskuan dudala esnatu eta Santa Kruzetan gaudela ohartu nauk. Zergatik ote?

Agian, ahaztuta ez gaudelako?”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!